@mtxintxurreta

Pasaiako sarraskia, 35 urte ilunpean gordeta

Pasaiako sarraskiaren biktimen senideekin batera, Estatu terrorismoak hildako beste zazpi kasuren senideak omendu dituzte Azpeitian Pasaiako Sarraskia Argitu plataformak antolatutako ekialdian. Inpunitatearekin amaitzeko eskatu dute.

Estatuko indarkeriaren biktimak, Azpeitian egindako ekitaldian (Gorka RUBIO/FOKU)
Estatuko indarkeriaren biktimak, Azpeitian egindako ekitaldian (Gorka RUBIO/FOKU)

1984ko martxoaren 22an Pasaiako Badian gertatutakoa gogora ekarri eta ardurak hartzea exijitu dute gaur Azpeitian, Pasaiako Sarraskia Argitu plataformak antolatutako ekitaldian. Egun hartan, Pedro Mari Isart «Pelitxo», Rafael Dalas «Txapas», Dionisio Aizpuru «Kurro» eta Jose Mari Izura «Pelu» Komando Autonomo Antikapitalistako (KAA) kideak hil zituen Polizia espainiarrak. Bide judizial guztiak agortu ostean, ez da hilketaren arduradunik epaitu.

«35 urte hauek, banaka banaka, inpunitatearen urteak izan dira», salatu dute Azpeitiko Azoka Plazan egindako ekitaldian. Ostiralean izan zen Pasaiako sarraskiaren 35. urteurrena, eta urte hauetan guztietan biktimen senideek egia bilatzeko hamaika ahalegin egin dituzten arren, kasua artxibatuta dago, nahiz eta artxibatzeko kaleratu zen autoan «hilketa zantzuak» zirela aitortu. «Paradoxikoa da zuzenbide estatu esaen diogun horrek hilketa zantzuak ikusi eta kasu hori artxibatzea», salatu dute.

Aurtengoan, baina, ez dira soilik Pasaiako biktimak oroitu, eta horregatik aurtengo ekitaldiaren leloa: «Hamaika kasu, aldarri berbera». Hala, Azpeitiara gerturatu dira Estatu biolentziaren ondorioz hildako beste zazpi kasuren senideak: Txiki eta Otaegirenak, frankismoko azken exekutatuak; 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoenak; torturen ondorioz zendu zen Joxe Arregirenak, Ramon Oñederra «Kattu» GALen bikimarenak, Josu Muguruzarenak eta artean ere desagertuta dagoen Jose Migel Etxeberria «Naparra»-renak.

Izan ere, Egiari Zor fundazioaren arabera, 219 dira Estatu espainiarreko agenteek eragindako heriotzak, Guda Zikinak eragindakoak 78, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioaren ondorioz hildakoak 63, era eraso faxistak eta eskuin muturrekoek eragindakoak, 4. Guztira, 364 hildako utzi diu Estatu terrorismoak, eta horietatik 82k baino ez dute jaso aitortza ofiziala.

Aitortza osoa

Ane Muguruzak, Josu Muguruzaren alabak, hitz egin du senide guztien izenean. «Garaia da, behingoz, Euskal Herriko gatazkaren biktima guztiak aitortzeko», aldarrikatu du, eta ohartarazi «egia osoa» bilatzen jarraituko duela: «ez al da inmorala biolentziaren inguruko oinarri moral eta etikoak ezartzea beste biolentzia motak aitortu gabe?».

Pasaiako sarraskian eraildakoen senideen izenean, aldiz, Peio Aizpuruk, Dionisio Azpururen anaiak, hartu du hitza. «Berandu baino lehen lortu behar dugu Euskal Herriko historiaren errelatoan zuekin egindako injustiziak behar diren bezala kontatzea», esan du.