naiz
Bilbo

Kongresuan eta Senatuan feminismoa «lan ildo nagusietako bat» izango du EH Bilduk

Agerraldia egin du EH Bilduk, gaur eguerdian, Bilboko Itsas Museoaren aurrean, feminismoarekin lotutako gaietan mugimendu feministarekin elkarlanean arituko direla eta proposamen zehatzak aurkeztuko dituztela azaltzeko. Zentzu horretan, Oihana Etxebarrietak adierazi du Madrilgo Kongresuan eta Senatuan lan ildo nagusietako bat izango dela feminismoarekin lotutakoa.

Feminismoarekin lotutako gaietan mugimendu feministarekin elkarlanean arituko da EH Bildu. (EH Bildu)
Feminismoarekin lotutako gaietan mugimendu feministarekin elkarlanean arituko da EH Bildu. (EH Bildu)

«Euskal Herriko Mugimendu Feminista indartsu eta antolatua dago, eta eraldaketarako motorra eduki zehatzez eta eskari konkretuz jantzi du», adierazi du EH Bilduko Oihana Etxebarrietak Bilbon egindako agerraldian. Koalizioa elkarlanean jarraitzeko «prest» dagoela nabarmendu du. «Gure lan ildoa zeharka zein zuzenki feminista izaten eta ekimen konkretuz janzten jarraituko dugu, bai Euskal Herrian bai eta Madrilen ere», azpimarratu du Etxebarrietak.

Zentzu horretan, «indarkeria matxistari aurre egiteko, kode penalaren moldaketa edota epaitegi berezitu gehiagoren sorrera aldarrikatzeko» indarra egingo du EH Bilduk. «Nafarroan indarkeria matxistari aurre egiteko legea onartu berri dugu. Eta Gasteizko legebiltzarrean ekindako ildoa jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu».

Hausnarketa eta lanketa koalizio osora zabalduko dute, «adituak eta arituak diren emakume baliotsuen ekarpena» jasoz. «Egungo erronkak eta aurrera begirako lerroak identifikatu nahi ditugu haiekin eta aldi berean, egun Euskal Herrian jardunean ari diren talde feminista, sindikatu, mugimendu zein aditu ezberdinekin elkartuko gara bilera erronda batekin, mahai gainean dituzten lan lerro nagusiak eta gure hausnarketak konpartitu ditzagun».

Horren ostean, instituzioetatik landu litezkeen urratsak identifikatu eta legebiltzarrera eramatea dute helburu. «Emakumeon Bizitzak erdigunean jarriko dituen osoko bilkura monografiko bat eskatuko dugu, zeinetan denbora guzti honetan jasotako hausnarketa eta ekimen proposamenak ekimen konkretuetan identifikatuko eta proposatuko ditugun».

«Feminismoa ez da soilik kontentzioa, feminismoa eraikitzea da, aurrera egitea eta dena aldatzea, eta guri dagokigun espazio hori aldatzera etorri gara, instituzioak pertsonen zerbitzura jartzea, emakumeon bizitzak erdigunera ekartzera», berretsi du Etxebarrietak eta hori, «agenda feminista zehatz» baten biitartez egingo dutela defendatu.

Bide horretan, apirilaren 13an, EH Bildu osatzen duten emakumeen biltzar berezia egingo dute, «nazioartetik eta estatutik datorkigun olatu faxista eta atzerakoiaren aurrean, gure sare feminista ehuntzeko, gogoetak partekatzeko eta, hauteskundeetarako eta datorren legealdiari begira gure proiektu feminista eduki zehatzez janzten jarraitzeko».