NAIZ

Dantzaren Nazioarteko Eguna aurrerapenez dator

Apirilaren 29an ospatuko da Dantzaren Nazioarteko Eguna, baina asteburu honetan jada arte eszeniko horrekin lotutako zenbait ekimen izango dira, besteak beste, Donostian eta Iruñean.

Donostiako lderdi Ederren hainbat dantza estiloren erakustaldiak egon dira. (Maialen ANDRES/FOKU)
Donostiako lderdi Ederren hainbat dantza estiloren erakustaldiak egon dira. (Maialen ANDRES/FOKU)

Apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzearekin nahikoa ez eta Donostian Dantzaren Hilabetea izan ohi dute. Gaur arratsaldean abiatu dute ekimena, Dantza Kalean saioarekin: Alderdi Ederren hainbat dantza estiloren erakustaldiak egin dituzte konpainia ezberdinek eta, guztira, 240 dantzarik hartu dute parte.

Bihar izango du segida Dantzaren Hilabeteak Donostian, jada klasiko bilakatu den ekimenarekin: 12.00etatik aurrera, Kontxako baranda barra klasiko bilkatuko dute adin ezberdinetako 1.576 dantzarik. Geroz eta parte hartze handiagoa du ekimen honek eta, aurkezpenean udal ordezkariek azaldu zutenez, baranda «txiki» geratu zaienez Alderdi Ederren hesiak jarriko dituzte dantzariek erakustaldia egin dezaten.

Diziplina anitzak Iruñean

Haizea Nafarroako dantzaren aldeko elkarteak ere bat egingo du asteburu honetan Dantzaren Nazioarteko Egunarekin. Gaur eguerdian, esaterako, Iruñeko Carlos III. etorbidean ballet klasiko erakustaldia eskaini dute ehunka dantzarik. Bestelako diziplinei ere lekua egin nahi izan diete eta, hala, klakea, hip hopa, flamenkoa edota dantza garaikidea ere izan dira protagonista.

Bihar, Barañain Auditoriora egingo dute jauzi ekimenek. Haizea elkartearen egoitza den eraiki horretan, 19.30ean hasita, Antzerkiaren Gala ospatuko da: bi ordu inguruko saioan, dantza eskola ezberdinek euren emanaldi onenak eramango dituzte oholtza gainera.

Ikuskizunean parte hartuko du Oscar Pascual Lopez dantzari gazteak. Anbereseko Kontserbatorioan dantza garaikide ikasketak ontzen dihardu dantzari nafarrak, eta bera izango da gala itxiko duena.