Asier Aiestaran

Peio Etxeberriak osatuko du Buruz Buruko Txapelketa

Javier Zabala 22-11 hartu du mendean Logroñon jokatutako aurre-kanporaketan, eta Asier Agirreren aurka neurtuko ditu indarrak final-hamaseirenetan: datorren igandean Adarragan bertan.

Etxeberria, gorriz, pilota bat eramaten txokoan.
Etxeberria, gorriz, pilota bat eramaten txokoan.

Peio Etxeberriak osatuko du Buruz Buruko Txapelketa. Aurrelari nafarrak 22-11 irabazi dio Javier Zabalari Logroñoko Adarragan jokatu den aurre-kanporaketan, eta final-hamaseirenetan Asier Agirre izango du aurkari. Partida hori datorren igandean jokatuko da Adarragan bertan.

Hasieratik ikusi da Etxeberria askoz eginago dagoela. Oso serio jokatuz, nafarra 8-0 aurreratu da markagailuan. Saketik lau tanto egin ditu lehen txanpa horretan (guztira zazpi izan dira), eta pilota ederki gurutzatu du ezker orman, Zabalaren ahulgunea aurkituz.

Zabala, aldiz, urduri aritu da lehen tantoetan, ezkerrez pattal defentsan eta sake errazak eraman gabe utziz. Denbora askoan egona da jokatu gabe eta hori nabaritu egiten da maila honetan.

Baina doaiak badituela argi dago, eta apur bat zuzendu denean lortu du markagailuan hurbiltzea. Etxeberriaren opari batzuk tarteko, 9-6 ipini da errioxarra, bere kolpe freskoarekin aurkariari arazoak sortuz.

Hortxe amaitu da erreakzioa, Etxeberriak sei tantoko beste partzial bat sinatu duelako eta 15-6koarekin jada kanporaketa erabakita zegoelako.

Azken tantoak gozamena izan dira nafarrarentzat eta sufrimendua errioxarrarentzat, 22-11 bukatu arte. Agirre du zain orain Etxeberriak, eta Zabalak profesional mailara egokitzen segi beharko du, Promozio Txapelketatik hasita.