@belastegi
Donostia

Juan Mari Lekuonak gordetzen zituen bertsoak argitaratu dituzte

«Bertsogile» zela zioen Juan Mari Lekuonak, eta zuen zaletasun horri keinu bat eginez ‘Juan Mari Lekuona. Bertsoak’ liburua argitaratu du Pamielak, familiak gordetzen zituen eskuizkribuak oinarrian hartuz.

Oihana Lekuona, Jon Kortazar eta Iosune Cousillas, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)
Oihana Lekuona, Jon Kortazar eta Iosune Cousillas, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE/FOKU)

Familiak emandako eskuizkribu eta egunkari bat dira ‘Juan Mari Lekuona. Bertsoak’ liburuaren iturriak. Bertsozalea zen Oiartzungo olerkaria eta horiek idazten zituen, mimo handiz prestatuak. Horiek ekarri ditu orain Pamielak Jon eta Paulo Kortazar aita-semeen edizioaren ostean.

«Bere lanik apalena da baina ez horregatik arduragabea», esan du Jon Kortazarrek aurkezpenean. Liburuaren erdia ‘Nere olerki eta kantak’ deituriko eskuizkribu batean oinarritzen da. Lekuonak berak urtez urte txukun bildu zituen testuak daude. Bertako olerki gehienak argitaratuak zeuden jada.

Hori hornitzeko, familiak Kortazartarren eskuetan utzi zuen idazlearen ondarea, eta material horren artean aurkitu zuten agenda bat. Honakoa ez zegoen txukuna, baina garrantzia handikotzat hartzen dute. «Bertso bakoitzeko 5-6 bertsio daude. Ez zen inprobisatzailea, bertsoak landu egiten zituen», azaldu du. Izan ere, bere burua «bertsogiletzat» hartzen zuen.

Bere zaletasuna zen horren fruitua da koaderno hau. «Pertsonaz beteriko bertsoak dira. Egun poetek beraien nitasunaz hitz egiten dute. Bertso hauetan familia, abadea, amona Joakina... agertzen dira. Ospakizunetarako egindako bertsoak daude», argitu du.

Liburua osatzeko asmoz, familiak utzitako argazkiak ere erabili dituzte. «Maitasunez egindako bertsoak dira eta maitasunez osatu dugu liburua», kontatu du.

Testuak bere horretan utzi dituzte, garai bakoitzean erabiltzen zuen euskararen isla. Hala, 1975 eta 1999 urte bitartean idatzitako testuak daude. Hasierakoak poemak, kantak eta koplak dira eta berrienak bertsoak, behin eta berriz ezabatu eta idazten zituenak.

Kortazarrekin batera Oihana Lekuona, Juan Mariren iloba, izan da. Honek familiak duen «poza» helarazi die liburuaren egileei. Era berean, Iosune Cousillas Oiartzungo kultura zinegotziak Lekuonatarrek herrian duten ospea aipatu du, eta euskararen eta euskal kulturaren alde egin duten lana txalotu du.