«Ez gaude preso, baina zuekin gaude», Gazte Topaguneko aldarria

Apirilaren 17an preso politikoen nazioarteko eguna izan zen eta horren harira ekitaldia antolatu dute Gazte Topagunean. Lemoako frontoian euskal preso politikoen askatasuna eskatu dute.

@ibaiazparren|Lemoa|19/04/2019 18:43
Topagune8
«Ez gaude preso, baina zuekin gaude» margotu dute. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gazte Topagunera bertaratu diren gazteek Lemoako frontoia bete dute preso politikoen nazioarteko eguna dela-eta antolatu duten ekitaldian. Bertan, Ernaiko bozeramailea den Lur Albizuk besarkada bidali nahi izan die «ahaztu nahiko genukeen zerrenda» osatzen duten euskal preso politikoei, «Euskal Herrira bueltatu ezinean dabiltza guztiei».

Baina dudarik gabe eguneko momenturik hunkigarriena Nora Cortisañek ekarri du, Argentinako Mujeres de Plaza de Mayoko kideak, oholtzara igo denean. «Presoak hurbildu egin behar dituzte senideek ikus eta besarkatu ditzaten», argitu du. Gazteentzat ere hitz batzuk bideratu ditu Cortiñasek: «Oraina zarete eta elkarrekin mundu hobea eraiki behar dugu». Cortiñasek gazteak aulkitik altxatu ditu Argentinako diktaduran desagertu ziren pertsonak gogoratu dituenean: «Los detenidos y desaparecidos, presentes. Ahora y siempre. Venceremos».

Ondoren, mural baten gainean preso ohiek ‘Ez gaude preso, baina zuekin gaude’ idatzi dute, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) gazteei bideratutako gutuna irakurtzen zuten bitartean.  «Pozgarria da guretzat belaunaldi berriekin bat egitea etorkizunari begiratzen diogunean; indarrak suspertzen dizkigu zuen grinak, geroaz eta gure herriaren etorkizunaz kezkatzen zaretela ikusteak. Ilusioz betetzen gaitu ondoren zatozten belaunaldietako kideok lekukoa hartzeko prest zaudetela ikusteak», adierazi dute.

Horren harira, iraganeko belaunaldiek, sarritan testuinguru oso zail eta gogorretan dena emateko gai dirala erakutsi dutela azaldu dute, «etorkizun hobe, justu, sozialista eta zoriontsuago baten alde borrokatzeko».

Hala ere, oraindik «bide luzea dugu, ordea, nahi genukeen lekura iristeko, guztion
helburuak lortzeko». Baina «badugu konfiantza biharko Euskal Herria herri
independentea, sozialista eta baketsua lortzeaz gain, jendarte justu, feminista
eta zoriontsuagoa osatzeko ardura hartuko duzuela», gehitu dute. «Militante gisa zuekin gaude, gurekin zaudete, eta zuen eta gure belaunaldien artean elkarlana
egiteko ardura dagokigu zuei eta guri», gaineratuz.

Gainera, Ezker Abertzaleak norabide estrategikoa berritu zutenetik, EPPK-k, ibilbidea mantsoa izan dela azaldu du, non «emaitzak tantaka baizki ez diren iritsi». «Gure kolektiboa azken urteetako txikiena bada ere, handia da oraindik, euskal preso politiko gehiegi dago oraindik espainiar eta frantziar espetxeetan, larriki gaixorik
espetxealdi malgutuan dauden kideak ahaztu gabe», adierazi dute.

Horregatik, gaixorik diren kideen askatasuna, adin handikoena, guraso direnena urgentziako kasuak direla zehaztu dute, eta «lehentasunezkoa da», ordea, euskal preso politiko guztien «kaleratzea, deportatu eta erbesteratuen etxeratzea».

Bestalde, munduan zehar mundu hau hobe egiten saiatzeagatik preso dauden palestindar eta kurduei, besteak beste, besarkada internazionalista bidali diete. Amaiera emateko, eusko gudariak abestu dute jendez lepo zegoen frontoian, irrintzi, eta «euskal presoak kalera, amnistía osoa» oihuen artean.

INFOS ASSOCIÉES