Naiz
Beasain

CAF enpresako 37 langile ohi hil dira jada amiantoaren ondorioz

Beasaingo lantegiko langileek elkarretaratzea eta ordubeteko lanuztea egingo dute datorren asteartean, goizean, amiantoaren ondorioz zendu diren lankideak oroitzeko eta enpresari eta Administrazioari ardura eskatzeko asmoz.

CAFeko enpresa batzordeak amiantoaren ondorioz hildako langileei iaz egindako omenaldia. (Juanan RUIZ/FOKU)
CAFeko enpresa batzordeak amiantoaren ondorioz hildako langileei iaz egindako omenaldia. (Juanan RUIZ/FOKU)

Beasaingo CAF lantegian dagoeneko 37 langile dira beraien lanpostuetan amiantoa arnastearen ondorioz hildakoak eta gaixotasun profesionalaren aitortza lortu dutenak. Horien artean azkenak I.S.E. eta A.S.H. izan dira.

Heriotza horiek eta beste lankideenak salatzeko, lanuztea eta elkarretaratzea egingo dituzte datorren asteartean enpresaren aurrean, 10.00etatik 11.00etara. Lantegiaren sarrera nagusian dago amiantoaren biktimen omenez egindako monumentua.

«Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixo edo hildakoei, eta ondorioz baita familiartekoei ere, indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen baitizkiete», zabaldu du enpresa batzordeak ohar baten bidez.

Era berean, administrazioen jarrera itxia salatu nahi izan dute. «Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funzionatzen duen konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri baitizkiete urtez urte», esan dute. Langileen ustez, administrazioek «bide hauek ireki eta garrantzia emango baliete, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango».

Heriotza amiantoak sortutako gaitzen aurpegirik bortitzena bada ere, larriki gaixorik dauden langile ohi ugari daude. Horietako batek salaketa jarri zion CAFi pasa den otsailean eta sortutako arazoengatik 300.000 euro eskatu zizkion.