naiz

Zubietako TMB plantak lehen kamioia jaso du

Gipuzkoako Ingurumen Gunearen Tratamendu Mekaniko-Biologikoko plantara (TMB) lehendabiziko kamioia iritsi da gaur goizean. Azpiegitura proba lanetan egongo da uztailaren 3an «eraginkortasun osoz» hasi bitartean. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak TMBaren abiarazteak ingurumenari «mesede handia» egingo diola nabarmendu du.

Gaur iritsi da lehen kamioia Zubietako plantara. (Gorka RUBIO / FOKU)
Gaur iritsi da lehen kamioia Zubietako plantara. (Gorka RUBIO / FOKU)

Zubietako TMB plantak lehen kamioia jaso du gaur. «TMBaren abiarazteak posible egingo du Gipuzkoako birziklatze tasak %60a gainditzea, Europako herrialderik aurreratuenen mailan», aldarrikatu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak.

Hondakinen Kontsortzioak apirilaren 23an onetsi zuen Gipuzkoako Ingurumen Gunearen lehen fasearen (GIG-1) parte den tratamendu mekaniko-biologikoko planta uste baino lehenago abian jartzea. Gaur TMBra iritsi da zaborraren lehendabiziko kamioia (errefusa frakzioarena) eta kamioaren hustuketari ekin diote azpiegiturak proba faseari hasiera eman ahal izateko. Proben epea uztailak 3ra arte luzatuko da, data honetan planta «eraginkortasun osoz» hasiko da lanean.

Asensiok TMBaren abiarazteak ingurumenari «mesede handia» egingo diola nabarmendu du, baita «birziklatze tasa handitu eta ekonomikoki asko aurreztuko dela».

Gipuzkoako Ingurumen Gunea osatzen duten gainerako azpiegituren obrak hasierako egutegia jarraituz ari dira egiten. Proiektuan zehaztutako epeak betez gero, 2019ko urrian hasiko dira funtzionatzen, dagokion proba aldiaren ondoren. «Gipuzkoak bere hondakinak era autonomoan kudeatzeko beharrezko azpiegiturak izango ditu beste lurraldeen mende egon gabe», gehitu du.