Lan osasunaren egunean mobilizazioak egin dituzte sindikatuek

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko egunean LAB, ELA eta CCOO sindikatuek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian.

naiz|26/04/2019 12:40
Lab-gasteiz
LAB sindikatuak, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko egunean, Gasteizen egin duen mobilizazioa. (@LABsindikatua)

2018. urtean, Hego Euskal Herrian, 105.127 lan istripu gertatu ziren, egunero 288; horietatik 283 larriak izan ziren eta 67, hilgarriak. Azken bost urteetan, 268 langilek galdu dute bizia lan istripuen ondorioz. «Datuak eskandalagarriak dira, lan istripu gehienak saihestu daitezkeela kontutan hartzen badugu, bereziki», adierazi du LAB sindikatuak Bilbon egindako mobilizazioan.

Emakumeen eta gorputz ez binarioen osasun galeran jarri nahi izan du arreta sindikatuak. «Neurri batean, generoen arteko berdintasunik ezaren jatorriak lanean gertatzen den sexu banaketan du oinarria, non gizonezkoei zuzentzen zaizkien lan produktiboa eta soldatapeko lanak eta emakumeei lan erreproduktiboaren eta zaintza lanen ardura (soldatarik gabekoa). Honek emakumearen bizitza erabat baldintzatzen du, lan arloan zein gainontzeko esparruetan, eta ondorio kaltegarriak ditu euren osasunean», azpimarratu du Ibon Zubiela sindikatuko kideak.

Honen aurrean, sindikatuak «osasuna eta berdintasuna oinarri izango dituen» lan erlazioen euskal marko bat defendatu du.

Bilbon egindako mobilizazioaz gain, Donostian Mutualiaren aurrean bildu dira eta Lakuaren egoitzaren aurrean amaitu dute. Gasteizen, Osakidetzako zerbitzu zentralean egin dute protesta eta Iruñean, aldiz, CEN patronalaren egoitzaren aurrean.

ELAk, aldiz, «lanpostuetatik produktu hilgarriak kentzeko» exijitu du ELAk. Euskal Herrian, lantokietako substantzia kantzerigenoek «urtero bi mila hildako baino gehiago» eragiten dituztela salatu dute Bilbo eta Iruñean deitutako manifestazioetan. «Laneko ezbehar traumatikoek hiltzen duten langile bakoitzeko 35 hiltzen dituzte gaixotasun profesionalek. Datu izugarri horiek adierazten digutenez, 2.300 langile hil ziren 2018an Euskal Herrian gaixotasun profesionalen eraginez», azpimarratu dute.

Laneko osasunaren arloko arduradun den Pello Igeregik adierazi duenez ELAren helburua arazo honi aurre egiteko bitarteko gehiago jartzea da. «Aldatzekoa da, aurten, produktu kantzerigenoei buruzko europar araudia, eta argi askoa da gure aldarrikapena: ez da erabili behar horrelako produkturik enpresa bakar batean ere. Kontua ez da zer plus edo konpentsazio eman behar zaien produktu horiekin lan egiten dutenei. Ez. Kontua da araudi berriak laguntzea gure enpresetan produktu kantzerigenorik erabil ez dadin. Izan ere, ez dago inoren giza bizitza konpentsatzeko adina dirurik», gehitu dute.

CCOO Euskadiren idazkari nagusi den Loli Garciak «prekarietatea, negoziazio kolektiboaren hondatzeak eta langile kolektibo batzuek bere eskubideak modu kolektiboan defendatzeko ahalmen eskasa» jarri ditu langileen heriotzen eragile gisa. Bilbon egin duten asanblandan, Garciak «onartezintzat» jo du oraindik ere dagoen istripu kopurua.