NAIZ
BILBO

Industrian «prekarietatea eta estatalizazioa» gainditzeko borrokarako deia egin du LABek

Euskal Herriko industria sektoreak sufritzen duen «prekarizazio basatia» salatzeko agerraldia egin dute LAB sindikatuko Industria federazioko kideek. Aberastasunaren banaketa bermatzeko eta prekarietateari aurre egiteko borroka indartzeko deia egin dute. 

LABeko Industria federazioko kideen agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
LABeko Industria federazioko kideen agerraldia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

«Lan duin bat izatea gero eta zailago jartzen digute euskal langileoi, izan ere, lan bat edukitzea bera ere gero eta zailago baitugu». Hitz horiekin laburbildu dute egoera LABeko Industria federazioko Eulate Zilozinaurrekoetxeak eta Zorion Ortigosak, sindikatuko industriako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kideak ondoan zituztela. 

Langabezia datu «larri bezain gordinak» aipatzearekin batera aldi baterako enpleguen kopuru altuaz ohartarazi dute. «Patronalak pozik eta eroso; eta, instituzioak, itsu, mutu, gor», salatu dute. 

Lan erreforma ekarri zituen ondorioez gain, negoziazio kolektiboaren erreforma onartu zenetik industria sektoreko langile guztien egoera «larria» dela nabarmendu du LABek: «prekarizazioa, prekarizazioa eta prekarizazioa baino ez da egon euskal langileontzat». 

Azaldu dutenez, urte hauetan guztietan «negoziazio eremu guztiak defendatu eta borrokatu» dituzte, «erreforma estataletik blindatuz eta bertako eremu propioa aldarrikatuz». Adibide gisa aipatu dituzte azken hilabeteotan sinatu dituzten 95 enpresa hitzarmen eta paktuak, baita sektoreko hitzarmen desberdinetan egiten ari diren borrokak eta negoziazio konpromisoak. 

«Beti esan dugu enpresa esparrutik bakarrik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea, horregatik, tokian toki egindako borroka eta lorpenez gain, sektoreko hitzarmenak berreskuratu behar ditugu», adierazi dute LABeko kideek.

Estatalizazioak, langabeziak eta prekarietateak «ondorio larriak eta arriskuak» dituela jakitun da LAB, baina ohartarazi dute «argia» dela patronala markatzen ari den bidea: «gastuak murriztuko dituen industria eredua nahi dute, prekarietatea, azpikontratazioa eta pobreazia ekarriko duena». «Industria aurreratua ezin da eraiki aurreko mendeko lan baldintzekin», gaineratu dute. 

Hori guztia aintzat hartuta, eskubide indibidual eta kolektiboak borrokatzeko deia egin du sindikatu abertzaleak, lantoki nahiz sektore mailan: «Tokian toki, sektorez sektore eta enpresaz enpresa, LABek hitzarmen duinen aldeko defentsa irmoa egingo du, ahal den langile batasun handiena bilatuz».