naiz

ELA, CCOO, LAB eta UGTk bost eguneko greba deialdia egin dute Bizkaiko metalean

Maiatzaren 23 eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21erako greba deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bizkaiko metalgintzan.

Bizkaiko metalgintzako sektore hitzarmena negoziatzen duen mahaia 18 aldiz bildu ostean, FVEM patronalak sektoreko lan baldintzak hobetzeko edukirik negoziatzeko «interesik ez duela izan» salatu dute ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

«Sektoreko enpresetan hainbat langilek ez dute eduki soldata igoerarik, ezta lan baldintzen hobekuntzarik urte askotan. Beraz, patronalaren aldetik negoziazioa blokeatuta dagoela ikusirik, mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok bost eguneko greba deialdia luzatzen dugu». Greba egunak maiatzaren 23a eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21a izanen dira.

Era berean, sindikatuek gaur bertan erregistratu dute Bizkaiko Metaleko Hitzarmenerako plataforma bateratu bat Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan. Plataformak 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzerakinen ordaina aldarrikatu du. «Inolako kasutan ez dio langile batek enpresari itzuliko aurrerapen gisa jasotako igoerarik, hauek hitzarmenean adostutakoa gaindituz gero», defendatu dute. Sektorean lan egiten duten behargin guztientzat igoerak tauletan eta soldata errealetan ezarri behar direla defendatu dute.

Bestetik, subrogazio eskubidea, lan erreformaren aurkako blindajea eta zortzi orduko lanaldi murrizketa ere eskatu dute. Baita, «aldi baterako kontratuak eta ABLEek kontratatzeko aukera mugatzeko neurriak» eta «iruzurra egiten duten enpresetan malgutasuna» aplikatzeko mugak. «Sektorean genero berdintasuna areagotzeko neurri efektiboak, lan osasuna lehentasun izateko helburuan aurrerapausoak eta hitzarmenaren edukia 2019 urtera egokitzea aldarrikatu dute».