Ane URKIRI
Granada

Motibatuta eta lotsa puntu batekin; «Erreala ale» Granadan

Zale batzuk ostiralean iritsi ziren Granadara, beste batzuk ordea larunbat goizez iritsi dira. Txirritako Txuri-urdinak lagun-taldeak antolaturiko autobusak, esaterako, larunbat gauerdiz burutu du bidaia. 

Realeko emakumezkoen taldeko entrenatzaile, prestatzaile fisiko eta fisioterapeuta ohiak Granadan.(Ane URKIRI)
Realeko emakumezkoen taldeko entrenatzaile, prestatzaile fisiko eta fisioterapeuta ohiak Granadan.(Ane URKIRI)

Hamabi orduko autobus bidaiaren ostean −«eskerrak Reala ikustera goazen», adierazi du zale batek, animoak indartze aldera goizeko seietan oraindik 400 kilometro falta zirenean−, Granada zapaldu eta ikusten dituzun aurreneko pertsonak Telecinco telebista kateko kamera eta kazetari bat direla ohartzean, perspektibaren bat aldatu izanaren ohartarazle da. Larunbat arratsean Nuevo Los Carmenes futbol zelaian jokatuko den emakumezkoen futboleko Kopak beste dimentsio bat hartu duela ikustarazten dizu. Eta eskerrak!

Hau behar baikenuen, edo hau nahi genuen: bisibilitatea. Hedabide euskaldun zein espainol asko mobilizatu dira eta hau, nola ez, zaleek bultzatu izanaren ondorio da. 1.500 zale txuri-urdin dira egotekoak estadioan, futbol partida ikusten −edo animatzen edo oihuka edo dena delakoa−, eta bada zerbait. Aurkariak, Atletico Madrilek, 6.000 zale inguru erakarri ditu Granadara. 

Estatistikek, datuek, zifrek esaten dutenaren arabera, zale zuri-gorriak donostiarrak baino askoz gehiago dira; bikoitza baino gehiago. Baina Granada erdigunean ez da horrela −realzale baten ikuspuntuak ere agian ez du laguntzen objektibotasun puntu bat mantentzea−. 

Zaleen elkargunea

Astean zehar zurrumurruak jira eta bueltaka aritu dira. Zaleentzako gune zehatzen bat egongo ote zen edo ez, egunean zehar zaleak elkartu eta elkar hauspotzeko. Hasieran baietz, aste erdian ezetz eta behin Granadara iritsita ezagunek diote Carmen plazan halako zer edo zer badagoela. Eguerdia da, iritsi berri gara eta Google Maps gure aliatu perfektua bilakatu da. Heldu gara enparantza famatura eta Kopa garaikurra eta ‘Seat’ markako autoaren inguruan musika apur bat eta hamar pertsona aurkitu ditugu. Hau ez da espero genuena. Zarata, buila bestaldetik dator.

Navas kalea ezagutu dugu eta kamiseta txuri-urdinen bila gabiltza. Ikusi dugu bat, bere alboan beste bat, harago txuri-urdina ez baina Realekoa den elastikoa... Gure helmuga hor dago. Eta, nola edo hala, asmatu dugu, bai horixe. 

Arratsaldeko hiruetatik laurak bitartean zale gehienak sabela betetzen jarri diren arte, aurreneko animo kantuekin ausartu dira. Badago motibazioa, baina badago lotsa puntu bat. Hain ohituta ez gaudenaren seinale. «Erreala ale, irabazi arte beti egongo gara zurekin», bihurtu da eguerdiko ereserkia. Argazkia ateratzerakoan ere ‘patata’ adiera alde batera utzi dugu; hemen Reala animatu beharra dago. 

Hogeita hamar gradutik gora egiten duen egun batek garagardo fresko bat eskatzen du eta guztiok ibili gara horren atzetik. Eta modu horretan, ezagunak ikustea saihestezina da. Mutrikuarra bazara, mutrikuarrekin topatuko zara; lasartearra bazara, lasartearrekin; zarauztarra bazara, zarauztarrekin... 

30 urte beranduago Reala Kopako final batera iritsi da eta ez da edonolako hitzordua. Ezin falta zure taldea babestera. Eta ikuspuntu hori, hain zuzen ere, aberasgarria izan da oso. Klub bat hartu dutelako kontuan, ez gizonezkoen taldea edo emakumezkoena; klubaren lorpena bera baizik. 

Hitzordu historikoa

Eta Realaren emakumezkoen taldeak historia egin duela argi dago. Eta agian horregatik −eta testu hau apaintzen duen argazkia daukagu froga gisa− emakumezkoen taldetik pasatu diren entrenatzaile, prestatzaile fisiko edo fisioterapeutek ez dute hutsik egin hitzordu garrantzitsu honetara. Ezta 2004tik gaur arte Realaren parte izan diren jokalariek ere. Guztien lorpena baita gaur jokatuko den finala, zuzenean edo zeharka, eta guzti hauen irribarreak ikusteak ez dauka parekorik.

Hain daude grinatsu, Maite Lizaso jokalari oihak realzaleekin nahi duela elkartu ahalik eta bizkorren. «Elkagune» bat ote dagoen itauntzean, Navas kalean zerbait badagoela esan eta ondoren, neurketa hasi baino ordu batzuk lehenago, estadioaren alboan talde bakoitzeko zaleentzat leku batzuk gomendatu dituztela azaltzera prestatu gara. 

Sortuko da zer edo zer. Pare bat garagardok, sabela beteta eta animoz dauden zaleek Nuevo Los Carmen futbol zelaiaren inguruak hartuko dituzte datozen orduetan. Carmen plazatik estadiora oinez 15 minutuko ibilbidea dagoela kontuan izanda, ni neu kalejira baterako prestatu naiz jada. 

Gero eta ordu gutxiago falta dira epaileak finalaren hasierako hotsa egiten duen unea iristeko. Urduritasuna hor hasiko da. Bitartean, Granadako kaleak festa giroan daude, festa giro sanoan eta udara usaina bulkada galanta izan da zaleentzat.