Maider IANTZI

«Salda badago» leloa izanen dute azaroan Durangon eginen dituzten jardunaldi feministek

Durangon eginen dute Euskal Herriko Jardunaldi Feministen bosgarren edizioa. Heldu den azaroaren 1etik 3ra izanen da. Plateruena Kafe Antzokian aurkeztu dute gaur mugimendu feministako hainbat ordezkarik.

Bilgune Feministak bosgarren Jardunaldi Feministak aurkeztu ditu Durangon. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bilgune Feministak bosgarren Jardunaldi Feministak aurkeztu ditu Durangon. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Elkar begiratuz, eztabaidatuz eta hausnartuz herri feminista bat eraikitzera goaz! Iraultza gu gara!», aldarrikatu dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian elkartu diren feministek. Martxoaren 8ko pauso handiaren ondotik, bertze hitzordu garrantzitsu bat finkatu dute: Euskal Herriko Jardunaldi Feministen bosgarren edizioa.

Azaroaren 1, 2 eta 3an eginen dute, Durangon, ‘Salda badago’ leloarekin eta eltze baten barrenetik ateratzen den olatu baten irudiarekin. Bilgune Feminista, Medeak, Amar Gasteizko kolektibo feminista antiarrazista, Euskal Herriko Neska* Gazteak... Kolektibo eta norbanako ugari elkartu da aurkezpenean.

Mugimendu feministako kideek urte honetan egindako lanaren ondorioak eta lan-ardatzak agertu dituzte. Eta, jardunaldiei begira, «su motelean, luze, lapiko ezberdinetan eta hamaika eskuren artean sukaldutako salda aspalditik borborka dabil, eta azaroan gainezka egingo du. Izugarria izango da!» iragarri dute.

Zehaztu dutenez, bost ardatzetan banatuko dituzte gaiak: «Mugimendu feministaren erronkak; gure dibertsitatea erdigunean; indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzea; gorputzak eta burujabetzak; eta sexualitateak».