Ane URKIRI
Donostia

Eraldaketa sozio-ekonomikoa emateko urratsak «birpentsatzen» hasiko da LAB

Maiatzaren 16an Ordizian hasiko dira bigarren prozesuarekin. Barne mintegien bitartez eztabaidatzen joango dira eta lau ikuspegi jorratuko dituzte: feminismoa, ekosozialismoa, demokratizazioa eta nazio garapena eta kohesioa.

Donostiako egoitzan egin dute prentsa agerraldia Igor Arroyo eta Jagoba Zulueta LABeko kideek. (LAB)
Donostiako egoitzan egin dute prentsa agerraldia Igor Arroyo eta Jagoba Zulueta LABeko kideek. (LAB)

LAB sindikatua 2015ean hasi zen barne-gogoeta bat ematen ‘Sindikalismoa [Bir]pentsatzen’ dinamikaren baitan. Ekintza sozio-sindikalarekin ekin zuen eta 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zituzten eman beharreko aldaketak. Orain, maiatzaren 16an zehazki, dinamikaren bigarren prozesua hasiko dute, zeina eraldaketa sozioekonomikoan zentratuko den.

Hala aurkeztu dute Langile Abertzaleen Batzordeko Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak. Euskal Herrian eman diren prozesu politiko eta krisi ekonomikoak bultzatuta, sindikalismotik eraldatzeko beharra funtsezkoa ikusten dute. «Eskaintza sozio-sindikal iraunkor baten alde egiten dugu; lan eta esplotazio egoera berriak sortu dira eta ondorioz, langile klasearen antolakuntzarako eskaintza zabaldu dugu; eta oinarri askatzaileak sendotu ditugu», azaldu du Zuluetak, 2015etik gaurdaino eman dituzten aldaketak zerrendatze aldera.

Oraingo prozesua eredu sozio-ekonomikoan emango dute. Euskal Herrian eraldaketa sozial, politiko eta ekonomikorako behar diren proposamenak finkatzea izango dute helburu. Eraldaketa globalki eman behar dela uste badute ere, «herri bezala burujabetza ekonomikoa» edukitzeko eredu sozio-ekonomiko indartsua behar delakoan daude, menpekotasuna ekiditeko.

«Oraingo sistema aldatzeko premia daukagu: ez da eraginkorra, ez da bidezkoa eta ez da sostengarria», nabarmendu du Arroyok. Gauzak horrela, barne-mintegietako eztabaidetan lau puntu jorratuko dituzte. Feminismoaren bitartez bizitzak erdigunean jartzearen garrantzia landuko dute; ekosozialismoaren alde egingo dute «gutxiago kutsatu eta hobeto bizitzeko»; demokratizazioa bultzatuko dute enpresetan, eta gizartean orokorrean, langile klasearen parte-hartze eraginkorra sustatuz; eta nazio garapena eta kohesioan hausnartuko dute «herri bezala etorkizuneko egoera sozioekonomia indartu behar delako».

Mintegiak barrura begirakoak izango diren arren, beste eragile guztiei eskua luzatzen die ideiak elkartrukatu eta eztabaidatzeko. Otsaila bitartean luzatuko dira eztabaidak eta hilabete horretan egingo duten biltzarra mugarri izatea aurreikusten dute.