Aitor_agirrezabal
Sukaldarien herria

Ez dut inoiz ongiegi ulertu inkestak egiteko teknika. Edozein inkesta. Are gutxiago hauteskundeen baitan egin ohi direnak. Badakigu askok ez dutela egia esaten inkestetan. Ez omen daude bozkatzen dutenaz harro. Edo despistean jokatzen dabiltza. Ez nuke pentsatu nahi inkesten atzean interesik dagoenik.

19/05/2019 08:30

Inkesta bat argitaratzen den bakoitzean korrika abiatzen gara zenbakien bila, ezinegona asetu edo moralari bultzada bat eman asmoz. Baina ez diogu nor-nori-nork galdetzen. Ikerketa egin duenak agindu dionari emanen dio eta, ondoren, hau izanen da jasotako informazioa moldatzeaz arduratuko dena. Hau da, hasierako zenbakiek ez dute zertan amaierako emaitzarekin zerikusirik izan behar.

Azken adibidea atzo izan genuen. ‘Diario de Navarra’ egunkariak eta EiTB Focusek Iruñeko Udalerako galdeketa bana argitaratu zuten (Azken honek nafar Parlamentukoa ere zabaldu zuen). Titularren eta informazio azkarraren garaian bizi gara eta Cordovillako egunkariak ederki asko daki hori: «Navarra Sumak Iruñean irabaziko luke eta lauko gobernuak ez luke gehiengorik lortuko», zioen. EiTB Focusek, aldiz, «Laukoak gehiengoa berretsiko luke Nafarroako Parlamentuan» zioen.

Zenbakiei begiratuta, Navarra Sumak 11-12 eserleku lortuko lituzke, EH Bilduk 6-7, PSNk 3-4, Geroa Baik 3 eta Podemosek 2-3. Hau, baina, sukaldetik igaro ostean. Begiratu diezaiegun bozka ehunekoei. Inkestaren datuen arabera, Navarra Sumak bozken %26,2 lortuko du, baina ‘Diario de Navarra’ egunkariaren erredakziotik pasa ostean %38,7ra doa zenbaki hori. EH Bildu litzateke bigarren indarra %22,9arekin. Egunkariaren arabera, baina, %22,4 eskuratuko du. PSN, berriz, %12,8tik %11,6ra jaitsiko litzateke eta Geroa Bai, era berean, %10,4tik %9,5era. Podemosek lortuko lituzke azken 2-3 eserlekuak.

EiTB Focusen arabera, aldiz, Navarra Sumak 11 eserleku lituzke, baina EH Bilduk (6-7) eta Geroa Baik (5) haien indarrak batuta, Enrique Maya gaindituko lukete. PSNk 3 edo 4 eserleku izango lituzke. Inkesta honek, bestetik, argi azpimarratzen du ezker ez independentistaren atomizazioaren eragina. Izquierda-Ezkerra ozta-ozta sar liteke udalean, gehienez eserleku bakarra lortuz, eta Podemos eta Aranzadi ez lirateke gutxieneko %5era iritsiko.

Alderdiek haien inkesta propioak izaten dituzte esku artean. Bitartean, hedabideetan alde batera edo bestera zerbait edo norbait mugitu nahian argitaratzen dira zentzu handirik gabeko zenbaki sortak. Eta gordinik irensten ditugu sukaldatutako datuak ere.