Hauteskunde gauaren jarraipen berezia NAIZen

Gau bizia eta luzea dator maiatzaren 26koa. Europa, Udal eta Foru hauteskundeak eta Nafarroako Parlamenturakoak elkarrekin datoz. Zuzeneko jarraipen berezia egingo du NAIZek, gertatzen ari den guztiaren berri zuzenean emanez, herriz herriko datu guztiak jasoz eta NAIZ Irratian, kasu honetan Hamaika Telebistarekin lankidetzan, 20.00etan hasiko den saio bereziarekin.

NAIZ|25/05/2019 16:05
Hauteskundeak-ep-foku
Hauteskunde egun bat. (Endika PORTILLO / FOKU)

Mezuak eta ahotsak

NAIZ Irratian zuzenean parte hartzeko aukera dute ikusentzuleek. Whatsapp edo Telegramez igorri daitezkeen mezu eta ahots mezuekin. Zenbakia: (0034) 650600119

Maiatzaren 26ko hauteskunde gaua ikusi, irakurri, entzun eta bizitzeko eskaintza zabala prestatu du NAIZek. Hauteskunde gau berezia dator, bizia, emozioz betea eta oso luzea aurreikusten da. NAIZ eta GARAko lan talde guztiak esfortzu berezia egingo du gauak ematen duen guztiari zuzenean eta unean-unean arreta jartzeko.

Kanpainan zehar egindako lan berezia (webgune berezia) hauteskunde eguneko jarraipenak itxiko du. Hautetsontziak ireki orduko ekingo dio NAIZek egunaren zuzeneko jarraipenari, egunak ematen duenari begiratuz eta parte hartze datuekin.

Hautetsontziak istearekin bat (20.00) abiatuko da NAIZ Irratiaren emankizun berezia. Kasu honetarako lankidetzan ariko dira NAIZ eta Hamaika Telebista, bi lan taldeen baliabideak irrati eta telebista emankizun berezi baten mesedera bideratuz. Hego Euskal Herriko lau hiriburutatik zuzenenean eskainiko dute hauteskunde gauaren jarraipena, arreta berezia jarriz Nafarroan eta Gasteizen gerta daitekeenari.

Lan talde zabala ariko da zuzeneko emankizun horretan, lekuan leku hauteskunde gaua marraztuko duten gakoak aztertzeko eta gerta daitekeen guztia ikusentzuleari zuzenean helarazteko.

Ikusi eta entzun ez ezik, irakurri ere egin ahalko da zuzeneko jarraipen hori, noski. Herrialdeka antolatuta, NAIZen gertatzen ari den guztia minutuz minutu jarraitu ahalko da eta datuak ezagutu ahala jarraitu ahalko dira.

Gau luzea

Zenbaketa ohikoa baino luzeagoa espero da. Europako hauteskundeetako emaitzak zenbatuko dituzte lehenbizi, baina hauen berri ez da jakinaraziko 23.00ak arte, hori bai ehuneko altuan ordurako. Udal hauteskundeetako emaitzak zenbatuko dituzte ondoren eta 21.00etatik aurrera espero dira lehen datuak. Foru hauteskundeetako emaitzak eta Nafarroako Parlamentukoak izango dira zenbatzen azkenak, gaueko ordu txikitan espero da azken honen ebazpena. Orain lau urte bezala, beraz, badirudi gauean berandu jakingo dela Nafarroan aldaketak eutsi ote dion.

Denboraz estu abiatuko da, beraz, GARA igande gauean errotatibara baina gau luzeak eman duen lanaren emaitza jasoa izango du, datu guztiekin eta gauak uzten duen lehen analisiarekin osatutako ale berezia.

LIENS