Jon Ormazabal

Lehen mailako joa duela erakutsiz jantzi du Dariok Promozioko txapela (22-12)

Oso maldan gora jarri zaio finala Elordiri hasiera hasieratik. Izan ere, 16-1 aurreratu da markagailuan Dario, hainbat tantotan zortea alde izan badu ere.

Dario, txapelarekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Dario, txapelarekin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Orain dela lau urte debuta egin zuenetik, argi zegoen Dario errioxarrak kolpe berezi bat zuela, batez ere bere eskuinarekin. Gauza da, arrazoi bategatik edo besteagatik, oso gutxitan izan duela bere jokoak txapelen lehien aritzeko adinako sendotasunik. Aurtengo Buruz Buruko promozio txapelketako aukera, ordea, ez du pasatzen utzi eta nagusitasun osoz jantzi du txapela, Aitor Elordi bizkaitarrari 22-12 irabazita.

Bi estilo arras desberdinen arteko lehia zen Ezcaraykoaren eta mallabiarraren arteakoa eta, kantxa osoan aritzeko, errioxarrak askoz pilotari luzeagoa dela erakutsi du. Bi eskuekin pilota ondo gozatuz, frontisetik urrun izan du Elordi eta garaipen sendoa eskuratu du.

Partida hasieran egon da finalaren giltza, izan ere, oso indartsu ekin dio Ezcaraykoak eta, zenbait tantotan zortea ere lagun zuela, 16-1 aurreratu da, bizkaitarrari finala oso malda gora jarriz.

Sakea berreskuratuta, saiatu da Elordi errematean arriskatzen aldeak jaten eta, hein handi batean, lortu ere gin du 17-11koan, baina ondoen ari zenean huts nabarmen xamarra egin du zabaletik eta hortxe amaitu dira bere aukerak.