Urrezko txapelketen finalerako partaideak erabakita daude

Erabakita gelditu da Zorrozan ekainaren 7an, gaueko 22.00etan, nortzuk arituko diren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aizkolarien txapelketan Mikel Larrañaga, Iker Vicente eta Julen Alberdi Txikia IV.a sailkatu dira. Gaur, berriz, Alberdik mendean hartu du Ruben Saralegi.

Andres OSA «SAKONA»|25/05/2019 17:35
Aizkora
Ekainaren 7an arituko dira Izarraitz pilotalekuan Urrezko txapelketetako finalistak. (Gorka RUBIO/FOKU)

Harri-jasotze txapelketan Xabier Aranburu Guzta-Imanol Albisu Goikoetxe bikotea, orain arteko markarik onena eginaz, finalean izango dira. Bikote honekin batera, Jokin Eizmendi-Jon Gisasola Zelai V.a eta Aimar Galarraga–Iñigo Eizagirre Eiza izango dira.

Emakumeen Trontza Txapelketan, Karmele Gisasola Zelai III.a-Uxue Ansorregi, Ruth Linaza-Garbiñe Lopez de Uralde eta gaur, Iraide Gezuraga–Ainize Perez bikotearen aurka garaileak izan diren Itsaso Onsalo-Leire Astiazaran bikotea plazaratuko dira Azpeitiko finalean.

Adinean, 19 urtez azpikoetan neurtuko dira Arria VI.a, Ezpeleta eta Kañamares V.a. Aldiz, 23 urtez azpikoetan Larrea III.a, Kañamares IV.a eta Etxeberria II.a. Denak ekainaren 7an Azpeitian.