NAIZ
Oslo

Venezuelaren aldeko elkarrizketa politikoek jarraipena izango dute Oslon datorren astean

Noruegako Kanpo Harremanetarako Ministerioak baieztatu du Venezuelako presidente Nicolas Madurok eta oposizioko buru Juan Guaidok onartu egin dutela Osloren bitartekaritza bi aldeen arteko elkarrizketa politikoa gauzatzeko.

Guaidok eta Madurok baieztatu dute haien ordezkaritzak Oslon izango direla. (AFP)
Guaidok eta Madurok baieztatu dute haien ordezkaritzak Oslon izango direla. (AFP)

«Venezuelako aktore nagusien ordezkariek hurrengo astean Oslora itzultzea erabaki dutela jakinarazten dugu, Norvegiak erraztutako prozesuari jarraipena emateko», adierazi du ohar bidez Kanpo Ministerio norvegiarrak eta «irtenbide adostu bat» lortzeko konpromisoa berretsi du.

Ine Eriksen Soreide ministroak, halaber, bi aldeen «jarrera eta esfortzua» eskertu ditu.

Venezuelako presidente Nicolas Madurok berak ere esker oneko hitzak izan ditu Norvegiako Ministerioak herrialde latinoamerikarrak bizi duen crisi politikoari irtenbidea emate aldera egindako lanagatik. Bere delegazioa Oslora joateko prest dagoela jakinarazi du.

«Norvegiako Gobernuari eskerrak ematen dizkiot Venezuelan egonkortasunaren eta bakearen aldeko elkarrizketetan aurrera egiteko egindako esfortzuagatik. Oslorantz doa gure delegazioa, jarrera baikorrez, adostutako agenda oso baten alde lan egin eta akordioen eraikuntzan aitzinatu ahal izateko», esan du Madurok Twitter bidez.

Mezuarekin batera bideo bat erantsi du sare sozialetan, non Cilia Floresekin, Delcy Rodriguez presidenteordearekin eta Gobernua Oslon ordezkatuko duen delegazioarekin batera agertzen den. Ordezkaritzak Komunikazio ministro Jorge Rodriguez izango du buru. Berarekin batera Oslon izango da Jorge Arreaza kantzillera eta Mirandako estatuko gobernadore Hector Rodriguez.

«Onartzen dugu»

Bere aldetik, oposizioko buru Juan Guaidok ere publikoki onartu du Oslon izango direla berriro. «Norvegiaren gonbidapena jaso dugu bitartekaritzarako eta esan nahi diet baietz, onartu egingo dugula», esan du Carora herrian egindako elkarretaratze batean.

Bere jarraitzaileei ere mezua bidali die Guaidok, eta eskatu die ez nahasteko «bideak helburuekin», bere iritziz «oso gertu baitago» Maduro Gobernutik kanporatzea.

Ondoren, ohar bidez zehaztu du Norvegiaren gonbidapenari baiezkoa eman diola «balizko irteera negoziatu bat aztertzeko», betiere «usurpazioaren amaiera ekarriko badu». Bere helburua trantsizio gobernu bat osatu eta ondoren hauteskundeak egitea izango dela berresti du.

Pasa den maiatzaren 17an norvegiako agintariek bitartekaritza lanak baiztatu zituzten, hastapen fase batean, Venezuelako Gobernuaren eta oposizioaren artean elkarrizketa politikoak abiatzeko. Hasierako bilera haietara Komunikazio ministro Jorge Rodriguez eta Mirandako gobernadore Hector Rodriguez bertaratu ziren. Oposizioaren partetik, Asanblea Nazionaleko presidenteorde Stalin Gonzalez eta Gerardo Blyde diputatu ohia izan ziren ordezkari.