Asier AIESTARAN

Orio eta Zierbena, Euskadiko txapeldun trainerilletan

Ondarroan jokatu dira finalak eta estropada ikusgarriena gizonezkoena izan da: Zierbenak 1,55 segundoko aldea bakarrik atera dio Oriori.

Parte hartzen duten taldeen kopuruak azken urteetan nabarmen behera egin duen arren, Euskadiko Trainerilla Txapelketak badu oraindik bere ospea eta sona. Finalak Ondarroan jokatu dira gaur goizean.

Estropadarik ikusgarriena gizonezkoen maila nagusikoa izan da. Zierbena, Orio eta Santurtzi pare-parean ibili dira ia proba guztian, eta azkenean aldeak oso txikiak izan dira. Zierbenak irabazi du 14:09.24ko denborarekin, Orio bigarren izan da 1,55 segundora eta Santurtzi hirugarren 4,09ra. Isuntzak osatu du finala, laugarren 11,59ra.

Emakumezkoen estropadan tarteak handiagoak izan dira. Oriok pronostikoak bete egin ditu eta 16:23.70ko denborarekin lortu du garaipena. Deustu izan da bigarren 12.08ra, Donostia Arraun Lagunak hirugarren 34,34ra eta Pasai Donibane laugarren 1:11.08ra.

Jardunaldia mutilen gazte mailako estropadek osatu dute. Txapelketa Isuntzak irabazi du 15:26.44ko denborarekin Zierbena, San Juan eta Arkoteri aurre hartuz. Kontsolazioko txanda, berriz, Santurtzik bereganatu du Deustu eta Zarautzen aurretik.