NAIZ
ANDOAIN

Apustu etxeen aurkako kartelak jartzeagatik epaitu zituzten andoaindarrak, absolbituak

Apustu etxeen aurkako kartelak jartzeagatik joan zen maiatzaren 30ean epaitu zituzten herri mugimenduko hiru andoaindarrak absolbitu egin dituzte.

Duela hainbat hilabete zabaldu zen Andoaingo Zumea Plazan apustu etxe berri bat. Pasa den apirilean, herri mugimenduak kanpaina bat burutu zuen ‘Apustu etxeak kanpora, ez Andoainen, ez Inon’ lelopean, koloredun kartel batzuen bitartez. Kartel horiek jartzeagatik hiru andoaindar epaitu egin zituzten joan zen maiatzaren 30ean, eta gaur jakitera eman dutenez, absolbitu egin dituzte.

Epaiketa hasi aurretik epaileak aukera eman zien bi aldeei akordio batera iristeko, baina hasieran auzipetuak horretan saiatu ziren arren, behin epaiketara iritsita aurrera jarraitzea erabaki zuten, beraien «izen ona eta kriminalizazio saiakera» argitzeko.

Absoluzioaren epaiarekin, hiru andoaindar hauek herri mugimenduaren «zilegitasuna eta zuzentasuna» aldarrikatu nahi izan dute. 

«Hori zen espero zen sententzia. Kartelak ipintzeak ezin du izan delitu, kartel horietan mehatxu, irain edo bestelakorik agertzen ez den bitartean, kasu honetan bezala», nabarmendu dute.

Horrekin batera, gogora ekarri dute apustu etxeen gaia «inoiz baino piztuago» dagoela gizartean. Berriki Valladolid futbol taldeko hainbat jokalariren atxiloketa aipatu dute adibidetzat, partiden emaitzak adosteagatik; «Realak ere bere bazkideei galdetu zien ea apustu etxeen publizitatea nahi zuten eraman taldearen elastikoan eta galdetutakoen %85 baino gehiago aurka agertu zen»; «EiTBk ere apustu etxeen iragarkiak emateari utziko diola iragarri du»...

Hiru andoaindarrek eskerrak eman dizkiete babesa helarazi dieten eragile guztiei.