NAIZ

Azkena Rock, egonkortasuna bere egin duen jaialdia

Iazko langa gaindituta, 36.000 ikusle eta rock jaialdien agendan lekua eginda ospatu du Azkena Rock-ek adin nagusitasuna. Arrakastaren adibide bat: 2020ko ediziorako salgai jarritako 3.000 bonoak agortu dira jada.

36.000 ikusle batu ditu Mendizabalak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
36.000 ikusle batu ditu Mendizabalak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

18. edizioa amaitu berritan, ajerik gabe eta asebeteta egin du balorazioa Azkena Rock jaialdiko antolakuntzak. Iazko marka gaindituta, 36.000 rockzale bildu ditu Mendizabalak (17.000 ostiralean eta 19.000 atzo). «Azkenari fidel direnek errepikatu egin dute eta kide berriak batu dizkiogu gure sendiari, horien artean belaunaldien jauzia erraztea bideratuko duten familia ugari», adierazi dute ohar bidez.

Maila artistikoari begira, Azkena «Europako rock jaialdi nagusienen artean egonkortuta» ikusten dute antolatzaileek eta horren lekuko aurten Mendizabalatik pasa diren taldeak: Wilco, Stray Cats, The B-52's, The Cult, Tesla, Deadland Ritual, Philip H. Anselmo & The Illegals, The Living End, Meat Puppets edo Corrosion of Conformity.

GARA eta NAIZek kontzertu horien kronikak bildu ditu, Izkander Fernandez musika adituaren lumatik, eta edizio honetako irudiak ere ikusgai daude galerian.

Helmuga berria: 19. Azkena Rock

Aurtengoa amaituta, hurrengo edizioari begira jarrita dago antolakuntza. Ohi bezala, ekaineko hirugarren asteburuan (19 eta 20) eta Gasteizko Mendizabalan ospatuko da Azkena eta 19.edizioko kartelaren lehen bi taldeak ere iragarri dituzte: Social Distortion eta Fun Manchu. «Harrera bikaina izan da», baieztatu dute antolakuntzatik, prezio berezian salgai jarritako 3.000 bonoak dagoeneko agortu direla iragartzeaz batera.

Gaurtik aurrera, 90 euroko salneurrian eskura daitezke sarrerak, Azkenaren webgunean.