Jon Ormazabal

Sakandarrek egin dute aurrera San Ferminetako lau eta erdikoan

Ezkurdiak 22-17 irabazi dio Erik Jakari Arbizun eta Bakaikoak Aimar Olaizola kanporatu du Beasainen 18-22 gailenduta.

Garaipen ona eskuratu du Joseba Ezkurdiak etxekoen aurrean (Idoia ZABALETA/FOKU)
Garaipen ona eskuratu du Joseba Ezkurdiak etxekoen aurrean (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bi sakandarrek, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Joanes Bakaikoa etxarriarrak, San Ferminetako Lau eta erdikoaren finalerdietarako txartelak eskuratu dituzte Erik Jaka eta Aimar Olaizolari hurrenez hurren irabazita.

Etxean aritu den Joseba Ezkurdiak 22-17 irabazi dio lizartzarrari azken honek egindako hutsek baldintzatu duten partida batean. Ondo ekin dio gipuzkoarrak lehiari, sakea lagun eta airez asko asmatuta, 2-6 aurreratzea lortu du oso sentsazio onak utziz. Jokoaren ekimena berea izan da hasiera honetan eta Ezkurdiari sufritzea tokatu zaio.

Eta horixe izan da, gehienbat, Ezkurdiak hobekien egin duena, gauzak kontra izan dituenean hortzak estutzen jakin eta uneoro partidan sartuta egotea. Erik Jakak, ordea, behar baino huts gehiago pilatu ditu, orotara hamar, gehienbat botera jokatu behar izan duenean sufritu du gehien eta hortik egin dio ihes partidak.

9-0eko partzial batekin Ezkurdiak buelta eman dio partidari eta oso bere aldera eraman du norgehiagoka. Jakak bere susperralditxoa izan duen arren, merezitako garaipena eskuratu du arbizuarrak.

Eguneko ezustekorik handiena, ordea, Joanes Bakaikoak eman du, Beasainen Aimar Olaizolari 18-22 irabazita. Hemen ere, azkenean galtzaile irten den goizuetarrak hobeki ekin dio partidari, aurkariaren urduritasuna baliatuta, 7-3 aurreratu baita beteranoa.

Baina pilotari gogorra da Bakaikoa, nekez amore ematen duen horietakoa eta kantxan gutxi erregalatzen duenetakoa. Gainera, pilota bizi irten zaio eskutik eta, pixkanaka, gorantz egin du, partidaren kontrola hartzeraino. Egia da, baita ere, izan duen lesio luzearen ostean Aimar Olaizola ez dela bere unerik onenean heldu eta partida luze egin zaiola. Hala ere, markagailuan 12-20 atzetik egon arren, Olaizola II.ak partida amaiera estutzea lortu du.