naiz
Lakuntza

Langile bat zendu da Lakuntzan izandako lan istripu batean

Lakuntzan dagoen Lakber Mecanizadosen (Sakana Kooperatiba) behargin bat hil da lan istripuan gaur goizaldean, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. LABek elkartasuna helarazi die senideei, istripua salatu du eta gogora ekarri du «hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresa horren bi lantegitan».

35 urteko langile bat hil da Lakuntzako Lakber Mecanizadosen lantegian izandako istripuan. Lantegira Etxarri Aranazko osasun etxeko medikua, erizaina eta Foruzaingoa gerturatu dira. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, aurten Hego Euskal Herrian dagoeneko 27 pertsona hil dira lan istripuan, haietatik bederatzi Nafarroan.

Foruzaingoa ezbeharra ikertzen ari da.

LABek, ohar baten bidez, heriotza salatu egin du. «Irmo baino irmoago exijitzen diegu erakundeei eta enpresa horretako arduradunei gaurko ezbehar traumatikoaren inguruko zirkunstantzia guztiak argitzea, batez ere kontuan hartuta hiru langile hil direla azken lau urteetan enpresa horren bi lantegitan».

«Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea izan ohi dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza...», gehitu du sindikatuak. «Larriena dena da horren guztiaren atzean dagoen zio bakarra enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztuta irabazi tasak mantenduz sakontzen da prekarietatean, eta ez da beharrezko prebentzio neurriak hartzen. Batzuek gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero-egunero beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak diren langileak, baita hiltzen direnak ere».

Ildo beretik, «istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela» azpimarratu dute. «Normalean, prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izaten dira istripuak, eta halakoek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz».

CCOOk ere langilearen heriotza deitoratu du eta lan arriskuen prebentziorako arauak betetzerakoan «zorroztasuna» eskatu die enpresei. Nafarroa lan istripuak gehien hazi diren erkidegoa dela nabarmendu du sindikatu horrek, eta joera horri buelta emateko politika publikoak berrikustea beharrezko jotzen du, langileek lanpostu «seguru eta osasuntsua» edukitzeko eskubidea izan dezaten.