UEU | NAIZ
Entrevue
Leire Palacios
PuntuEUS fundazioko proiektu kudeatzailea

«Teknologia berriekin harremana dauka, baina transbertsala da Kaixo Mundua»

UEUren 47. Udako Ikastaroen barruan eta PuntuEUS fundazioarekin elkarlanean, ‘Kaixo Mundua: Teknologiaren erabileratik sormenera, konpetentzia digitala ikastetxean lantzeko estrategia eta balibideak’ izeneko ikastaroa eskaini dute Eibarren. Leire Palacios Egiguren PuntuEUS fundazioko proiektu kudeatzailea eta Euskadi Irratiko ‘Sarean’ irratsaioko arduraduna da.

Leire Palacios. (@ueu_orokorra)
Leire Palacios. (@ueu_orokorra)

Zertan datza Kaixomundua.eus proiektua?
Kaixomundua.eus hezkuntza komunitatean konpetentzia digitalak garatzeko proiektu bat da, eta horretarako batetik konpetentzia digitalak lantzen dira eta bestetik sormena. Azken batean, ikasleei eskatzen zaiena da wordpress-aren bitartez webguneak sortzea eta webgune horiek gustura sortzeko egingo dutena da euren eremuetara eraman, haiei gustatzen zaizkien gauzetara eraman. Izan daiteke herriarekin lotutako zerbait, edo beraien gustuko bestelako gauzak.

Nondik sortu da? Zein beharrizanetatik?
Kaixomundua.eus dator batetik beharretik, eskola komunitatean ikusi zelako beharra zegoela maila ezberdinetako ikasleek konpetentzia digital horiek garatzeko eta modu praktikoan garatzeko; baina kasu errealekin garatzeko. Beste alde batetik, erreferentzia bezala puntCAT-eko Webs al punt proiektua hartu da. Egia da ez direla erabat berdinak, azken batean Webs al punt-ek badauzkalako bederatzi bat urte eta Kaixo Mundua aurten pilotatu dugulako.

Aipatu duzun modua 2018-2019an jarri da martxan proba pilotua. Zer nolako esperientzia izan da?
Kaixo Munduaren proba pilotua egin da Euskal Herriko lau puntu ezberdinetan. Gasteizeko Egibiden, Arrasateko Arizmendi ikastolan, Ondarroakoko institutuan eta Lekeitioko institutuan. Toki bakoitzean maila ezberdinetan egin da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Maila guztietan ikusi da funtzionatzen duela. Guztietan ikusi da maila ezberdinetara egokitzeko aukera daukan proiektu bat dela. Azken finean, ikasleak direlako langa jartzen dutenak. Gero beste alde batetik ere ikusi da sortutako baliabideak, bai ikasleentzako eta bai irakasleentzako, baliagarrik direla. Hau da, bertatik ateratzen dugun irakurketa oso ona da. Badaude gauza batzuk; adibidez euskarazko pluginak ez daudela, edo erreminta digital jakin batzuk euskaratzeko beharra daukagula; baina, berez, proiektuaren edukia eta proiektua aurrera eramateko  beharrezkoak diren tresna eta gaitasun horiek badira nahikoak. Ikusi dena da hain justu ikasi dutela, oso ondo baloratzen dutela proiektua, eta era berean errealitatearekin lotutako proiektua izanik, askoz hobeto funtzionatzen duela. Askoz motibatuago lan egiten dutela ikasleek.

Esperientzia guzti hori hartu eta ikastarora nola ekarri duzue?
Ikastaroa oraindik ere Kaixo Mundua ezagutzen ez duten irakasleei eta Kaixo Mundua ikasgelara zelan eraman ez dakiten horiei zuzenduta dago. Zergatik? Badakigulako batzuetan gauza berriak martxan jartzen direnean, formazioa behar dela batetik; eta gero, beste alde batetik, informatika irakaslea izateko formakuntza ere oso ezberdina izan daitekeelako. Askotan pentsatzen dugu zelan teknologia berriak diren ardatza, informatikako arlora bideratuta dagoela, baina beste edozein arlotan ere egin daiteke. Transbertsala izan daiteke Kaixo Mundua. Hau da, historiako irakasle batek Kaixo Mundua martxan jartzea dauka, teknologia berriak ematen dituen irakaslearekin, eta egiten dituzten proiektu horiek historiakoak izatea. Alde horretatik, berez, teknologia berriekin harremana dauka eta horrekin hertsiki lotuta dago, baina era berean transbertsala ere bada. Horretarako, formakuntza beharrezko dela ulertzen dugu.