naiz

‘Flipatu’, ‘friki’ eta ‘zurito’ hitzak erantsi ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian

Lagunartean erabiltzen diren ‘flipatu’ edo ‘friki’ hitzak onartu ditu, baita Euskal Herrian gero eta indar gehiago duten jakiak (‘curry’, ‘sushi’, ‘tofu’) edo pintxo’ eta ‘zurito’ hitzak sartu ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian.

Euskaltzaindiak 397 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan. (EUSKALTZAINDIA)
Euskaltzaindiak 397 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan. (EUSKALTZAINDIA)

Euskaltzaindiak 397 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. 312 sarrera eta 85 azpisarrera berri arautu ditu Euskararen Akademiak. Horiez gain, beste 465 forma moldatu ditu. Egun, beraz, 39.188 sarrera eta 7.388 azpisarrera (hau da, 46.576 forma) eta 64.210 adiera ditu Euskaltzaindiaren hiztegiak.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «forma berriak erantsi dira hiztegian, gaurko corpusetan erabilera-maiztasun handikoak eta, beraz, gizartearen isla direnak». Besteak beste, lagunartean erabiltzen diren ‘flipatu’ edo ‘friki’ hitzak onartu ditu, baita Euskal Herrian gero eta indar gehiago duten jakiak (‘curry’, ‘sushi’, ‘tofu’) edo betidanik hemen izan direnak: ‘pintxo’ eta ‘zurito’.

Hiztegiaren erabileran ere berrikuntzak egin dituzte: «Orain arte ez bezala, sarrera batetik beste baterako loturetan estekak ezarri dira hiztegi osoan, zuzenean, klik baten bidez, aipatutako sarrera horretara joateko. Adibidez, hiztegian baxo kontsulta eginda, bi sarrera erakutsiko dizkigu hiztegiak. Lehenengoan “ik. selektibitate” daukagu eta, horren gainean klik eginda, zuzenean selektibitate sarrerara eramango gaitu», jakinarazi dute.