NAIZ
Donostia

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako sindikatuak ikasturte berrirako mobilizazioak «lantzen» ari dira

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza duten ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek «dagokien arduraz jokatzeko» eskaera egin diete patronal zein Lakuako Hezkuntza Sailari. Ordezkaritzaren gehiengoa edukita, hurrengo ikasturtera begirako mobilizazioak «lantzen» jarraitzen dute.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen protesta Donostian, maiatzeko irudia.(Monika DEL VALLE/FOKU)
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen protesta Donostian, maiatzeko irudia.(Monika DEL VALLE/FOKU)

Jendarteko eta hezkuntzako hainbat eragilerekin batera gatazkan dauden alde guztiak asebeteko dituen akordio bat lortzeko ahaleginean ari dela adierazi zuen Kristau Eskolak patronalak ostegunean. Heldu den kurtsoari begira, ikasleen martxari ez eragiteko eta normaltasunez lan egiteko «beharrezko kudeaketa guztiak» egiten jarraituko duela ere agindu zuen. 

Adierazpen hauen aurrean, ELA, Steilas, CCOO eta LAB sindikatuek prentsa ohar bateratua helarazi dute. Bertan, sindikatu hauek ordezkaritzaren %97a dutela jakinaraziz, azaldu dute ikasturte berrirako mobilizazioak «lantzen» jarraitzen dutela. Guztiz erabakita dutenean emango dute hauen berri.

Oharrean patronalari eta Lakuako Hezkuntza Sailari zuzentzen zaizkie eta «bakoitzari dagokien arduraz jokatzeko» eskakizuna egiten diete. Zehaztu dutenez, sektore honetako langileek 10 urte daramatzate lan-hitzarmena berritu gabe eta urte hauetan beraien lan-baldintzak kaskartuz joan dira. «Egoera honetara iritsi izanaren ardura patronalak eta Hezkuntza Sailak daukate, bakoitzak dagokion mailan», adierazi dute.

Horregatik, ondorioztatu dute, gatazkari irtenbide «egokia» emateko aukera ere beraien eskuetan dago. Patronala eta administrazioaren mugimendua azken urtean mobilizazio dinamika indartu ondotik sumatu dute sindikatuek eta hauen «borondate faltak» eraman dute mobilizazioak indartzera.

Jada 27 greba egun gauzatu dituzte eta horietatik gehienak –24, zehazki– azken ikasturtean burutu dituzte. Dena den, administrazioak «gatazkaren irtenbidean parte hartu gabe jarraitzen» duela ohartarazi dute eta patronalak proposamen berdintsuei «bueltaka» jarraitzen duela, «langileen oinarrizko eskaeren erantzun gabe».

Horiek dira arrazoi nagusiak hurrengo ikasturteari begira mobilizazio berriak iragartzeko asmoa erakusteko.