Naiz
Errenteria

Ehunka dantzari eta dantzazale elkartu dira Errenteriako Erromeria Eguneko ekitaldietan

Errenteriako Ereintza dantza taldeak berriro lortu du herriko dantzariak biltzea. Jendeak maite duen eguna da, eta halaxe dela erakusten ari da, beste behin ere, goizetik kalera ateraz. Dianarekin hasi dute eguna, eta ondoren dantzak janariarekin tartekatu dituzte.

Goizeko dantzaldiko une bat. (Gorka RUBIO / FOKU)
Goizeko dantzaldiko une bat. (Gorka RUBIO / FOKU)

Badira 21 urte Errenteriako Ereintza dantza taldeak Erromeria Eguna ospatzen duela. Hasiera batean dantzak plaza berreskuratzea zuen helburutzat festak, eta jada ezinbesteko hitzordu bilakatu da, madalenen aurretik giroa pizten hasteko.

Bertara gerturatu ohi direnak dantzariak izaten dira normalean, bai Ereintzakoak, bai dantza taldeak urtean zehar antolatzen dituen ikastaroetara joaten direnak. Halere, dantzan ez dakitenek ere gozatzen dute egunaz, egitarauko unerik garrantzitsuena arratsaldeko erromerian egiten duten dantzaldi gidatua delako. Izan ere, bertan, dantzariek jada ezagutzen dituzten pausoak egiten dituzte, baina oholtza gainetik azalpenak ematen dituzte, nola egin behar diren erakusteko, nahi duenak jarraitzeko moduan, erraza izaten da-eta. «Pausoak berritzen dituzte, eta nola egin behar diren azaltzen dute. Ez dute zailtasun handirik», kontatu digute Ereintza dantza taldekoek.

Gaurko kasuan, erromeria nagusian –18.00etatik aurrera– Patxi eta Konpainia taldea arituko da jotzen dituzten piezak nola dantzatu behar diren esaten. Hala ere, ordurako trebatuta izango dira errenteriarrak, goizetik hasi baitute Erromeria Eguneko egitaraua.

400 lagun herri bazkarian

10.45ean diana egin dute herriko kaleetan, girotzeko, eta ondoren hamaiketakoa egin dute Koldo Mitxelena plazan. Horren ostean, Aiko taldeak eguneko lehen dantzaldi gidatua eskaini du Zumardian.

Antolatzaileen esanetan, «ikusten da jendeak data hau gordetzen duela, jende asko hurbildu delako». Eguerdian herri bazkaria egin dute 400 pertsona ingururekin.

Herriak beste dantza zita bat izango du ostiralean. Arratsaldean, Errenteria Dantza ospatuko dute, Armeniako talde bat gonbidatu berezitzat dutelarik.