IURRE BIDEGAIN
HENDAIA

Borroka eta negoziaketen ondoren, gaztetxea lortu dute hendaiarrek

Hendaiako Herriko Etxeak eta Hendaitz elkarteko gazteek hitzarmena sinatu zuten atzo. Akordio honen bitartez Caneta auzoan kokatzen den lokal bat gaztetxe bilakatzeko utziko die Udalak, bederen bi urtez. Egoitza berrian animazioak eskaintzeko prestatzen ari dira jada gazteak.

Hendaiako Herriko Etxeak eta gazteek hitzarmena izenpetu dute uztailaren 15ean. (Iurre BIDEGAIN)
Hendaiako Herriko Etxeak eta gazteek hitzarmena izenpetu dute uztailaren 15ean. (Iurre BIDEGAIN)

«Denak irabazle egiten gaituen operazio» gisara aurkeztu dute sinatzaileek lortutako akordioa. Hitzarmena Herriko Etxea eta Hendaitz elkarteko kideen arteko negoziaketen emaitza izan da, harremanak Orio auzoan sortu zuten Sasiko gaztetxetik kanporatuak izan zirenean hasi ziren. Atzo sinatu zen akordio honi esker erdigunean dagoen Askatasun karrikaren 16. zenbakian kokatuko da elkargune berria.

2018ko otsailaren hastapenean Sasiko gaztetxetik kanporatuak izan eta gero, kaserna zaharra okupatzea deliberatu zuten gazteek. Ekintzaren egunean berean Kotte Ecenarro auzapezak 18 hilabetetan egoitza berri bat utziko ziela hitz eman zuen. Alkateak bere hitza bete du hitzarmen honekin.

Azken hilabete hauetan hainbat bilkura izan dira hautetsien eta Hendaitzeko kideen artean, eta orotara hiru lokal proposatuak izan dira. Negoziaketen ondoren lortu den egoitza garaian herriko dispentsario gisara ezagutzen zen osasun-pedagogia zentroa da. Lehengo kokagunean gaztetxea Sasiko deitu bazen, okupatu zuten etxea sasiz betea zelako, egoitza berrikoak oraindik ez du izenik.

Gutxienez bi urterako bilakatuko da lokala gaztetxe. Gune horretan higiezin egitasmo bat dago aurreikusia. Auzapezak jakinarazi duenaren arabera, «egitasmoa garatzeko beharrezkoak diren baimenak lortzeko beharko den denboraren araberakoa izanen da gaztetxeak bertan emanen duen epea». Ecenarroren arabera, denbora honek Herriko Etxeari kokagune berri baten inguruan gogoetatzeko astia ematen die.

Animazioak prestatzen

Eñaut Jauregi Hendaitzeko kideak jakinarazi du gazteek egoitza berri hau onartzea deliberatu dutela, Sasiko gaztetxean egindako lanari eta proposamenei jarraipena eman ahal izateko. «Sasikon eman genituen bi urteek indarra eta konfiantza eman digute. Oraingoan, kokagunea gailendu dugu eraikina bera baino» azaldu du.

Gaztetxe berri honen inguruan Hendaiako elkarte ezberdinen egoitzak aurkitzen dira, eta auzokoekin lehen harremanak izan dira jada. Duela egun batzuk elkar ezagutza sustatzeko zintzur-bustitzea egin zen, hitzarmenaren sinadura bera baino lehen. «Auzokoekin harreman onak izan nahi ditugu, eta animazioak izanen badira ere, gure artean elkar errespetatzen entseatu behar gara» gaineratu du Jauregik.

Antolatuko dituzten ekimenen inguruan gogoetatzen ari dira jada. Agorrilaren 9, 10 eta 11an Hendaian ospatuko den Euskal Bestan bazkariak eginen dituzte.