Asier AIESTARAN

Jose Luis Korta izango da Pasai Donibaneko entrenatzailea denboraldia amaitu arte

Azken egunotan hainbat bilera egin ostean, gaur baieztatu du San Juanek Jose Luis Korta izango dela gizonezkoen lehen traineruaren entrenatzailea denboraldia amaitu arte.

Jose Luis Korta, iaz Kontxako sailkapen estropadan (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jose Luis Korta, iaz Kontxako sailkapen estropadan (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Iaz Kaiku utzi eta jada erretiroa hartu zuela zirudien arren, Jose Luis Kortak baiezkoa eman dio Pasai Donibanek gizonezkoen lehen traineruaren entrenatzaile izateko egin dion proposamenari. San Juanek sareen bidez baieztatu duenez, denboraldi amaierara arte hartuko du Ortzaikakoak trainera arrosaren gidaritza.

Antza denez, Pasai Donibaneko zuzendaritzak ziklo berri bat ireki nahi du lehen traineruan. Iaz Eusko Label Ligatik KAE Ligara jaitsi zen "Erreka". Arraunlari garrantzitsu askok taldea utzi zuten 2017ko udazkenean eta etxeko gazteek ez zuten lortu 2018an gorengo mailari eustea.

Uda zaila izan zen iazkoa eta aurten KAE-1 Ligan dabil San Juan. Oraingoz laugarren dira sailkapen nagusian, 48 punturekin. Igoera kanporaketa jokatzeko txartela ematen duten lehen bi postuetatik nahikoa urrun, egia esanda.

Juan Mari Etxabe ibili da orain arte entrenatzaile lanetan eta oiartzuarrak ere izan du zer esana Kortaren aldeko apostua egiterako garaian. Etxabe urte askoan ibili da arraunlari Kortaren taldeetan eta ederki dakite biek elkarren berri.

Hala ere, ikusi egin beharko da ziklo berri baten aurrean gauden ala aurtengorako akordioa bat soilik den. Jose Luis Kortak 70 urte ditu eta pentsatzekoa da epe luzeko proiektuetan ez duela sartu nahiko. Bere izaera ere oso berezia da, gainera, eta talde berrian zer moduz hartzen duten ere ikusi beharko da.