Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidente berri gisa berretsi dute

Confebaskeko Kontseilu Orokorrak aho batez berretsi du Eduardo Zubiaurre Ariznabarreta patronalaren presidente berri izateko Batzorde Exekutiboaren proposamena. Adegiko presidente izandako eibartarraren izendapena ekainaren amaieran onartu zuen batzordeak. Lau urtez karguan egon den Roberto Larrañagari hartu dio lekukoa.

NAIZ|18/07/2019 11:55
Confebask
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidente berria eta testigua pasatu dion Roberto Larrañaga, konfederazioko kideekin, gaurko bileran. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Aho batez berretsi du gaur Confebaskeko Kontseilu Orokorrak Eduardo Zubiaurre Ariznabarreta patronalaren presidente berri izateko Batzorde Exekutiboaren proposamena. Batzordeak joan den ekainaren 26an onartu zuen Adegiko presidente izandakoaren izendapena. Lau urtez konfederazioaren presidente izan den Roberto Larrañagari hartu dio testigua.

Eduardo Zubiaurre Ariznabarreta Eibarren jaio zen, 1962an. Ekonomia eta Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitateko Donostiako fakultatean. Andersen Consulting-en hasi zuen ibilbide profesionala, eta gero Jaz-Zubiaurre SA familiako enpresaren Merkataritza Sailaz arduratu zen. Gaur egun, enpresako kudeatzaile zuzendaria da.

Zubiaurre Adegiko presidentea izan zen 2006 eta 2012 urteen artean. Adegi Confebaskeko partaide da eta, lurraldez lurralde egiten duen ohiko errotazioari jarraituz, bere izena proposatu zuen konfederazioko presidente izateko.

Ezin ELArekin harremana «berbideratu»

Confebasken aurreko presidenteak, Roberto Larrañagak, gaur utzi du kargua, Europa Pressekin izandako elkarrizketa batean azaldu duenez, talde lanarekin pozik, baita «Euskadiko aktibitate ekonomikoaren eta enpleguarekin ere». 

Aitortu duenez, ikasgai bat gelditu zaio gainditzeke: ezin izan du ELArekin harremana «berbideratu».

Fiskalitate lehiakorra defendatu

Confebaskeko presidente berriak, Eduardo Zubiaurrek, enpresa fiskalitate lehiakorra defendatu du, eta lan harreman «modernoak» ere bai. Lan erreforma aldatzea baztertu du, «kontratazioak geldituko lituzkeelako».

Bere lehendabiziko prentsaurrekoan egin ditu Zubiaurrek adierazpenok. «Euskadiren ekonomiko erritmo onean ari da bere onera etortzen», azaldu du. Confebaskek aurten BPGa %2,5 inguru haztea eta 14.000 lanpostu berri sortzea espero du.

«2008ko urritik hona enplegu mailarik onenean gaude, krisiaren aurreko maximoetan kasik. Gaur egun 973.000 lagun ari dira Gizarte Segurantzan kotizatzen; marka historikoa baino 9.500 lagun gutxiago soilik».

Lan kontratu mugagabeak ere inoiz baino gehiago direla nabarmendu du. 537.000 pertsona ari dira lanean kontratu mugagabearekin, krisiaren aitzinetik baino 13.000 gehiago.