NAIZ
Donostia

Gipuzkoako ekoizle ekolologikoek eskaintza bateratua egingo diete ostalari eta kontsumo taldeei

Ostiral honetan aurkeztu dute Sareko ekimena. Bertoko elikagai ekologikoen ekoizleak eta ostalaritza profesionalaren sektorea harremantzeko sarea eratzeko asmoarekin sortu da.

Biolur Gipuzkoako elkarteak Donostian antolatutako azoka.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Biolur Gipuzkoako elkarteak Donostian antolatutako azoka.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

‘Sareko: Baserritik sukaldera, harreman sarea’ proiektua aurkeztu dute ostiral honetan Donostiako Kafe Botanika jatetxean. Era ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako ekoizle eta ostalaritza sektorearen arteko zubia izan nahi du Sarekok. EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Biolur Gipuzkoako elkarteak babestu dute ekimena.

Herrialde gipuzkoarreko 12 ekoizlek, Donostialdeko 20 jatetxek eta bi kontsumo taldek osatzen dute proiektua. Sortzaileek adierazi duten legez, ekoizleek ingurugiroarekin errespetua duten Km 0-ko elikagaiak, osagai bereziak, osasuntsuak –agrotoxikorik erabili gabe– eta zaporetsuak eskaintzen dituzte.

Produtu guztiak ekologikoak eta bertakoak –hau da, Gipuzkoakoak– direla nabarmendu dute eta eskaintza zabala dela ziurtatu dute.

Bidezko salneurriak errespetatzen dituen eta banaketa kate laburreko zirkuituak uztartzen dituen komertzializaziorako tresna propioa eskaintzea du helburu Sarekok. Eskaintza bateratua eratu du, katalogo bakar bat kudeatzearekin komertzializazio eta logistika lana erraztuko baitie ekoizle zein ostalariei. Lan tresna erabilerrazak eta gardenak eraiki ditu Sarekok eta horietariko bat da online plataforma. 

Era berean, argitu nahi izan dute ez dela elikagaien banaketa enpresa bat, baizik eta ekoizle eta jatetxe edo kontsumo taldeak harremantzen dituen sarea dela.

Hedatzeko asmoa

Sarekok Gipuzkoan martxan jarri zen proiektu pilotua du oinarri eta Araba eta Bizkaira zabaltzeko jomuga duela iragarri dute. 2017an abiatu zen froga Donostialdetan eta ENEEKeko presidente Arantza Eguzkizak adierazi du «sukaldaritza konprometitua kontzeptua interesgarria» dela «bertoko elikagai ekologikoen ekoizpena eta kontsumoa garatzeko».

Biolur Gipuzkoa elkarteko presidente Miriam Arrizabalagaren iritziz Sarekok «konpromisoan eta elkar ezagutzan oinarritutako lan moduak sustatzen ditu bi sektore hauen arteko topaguneak erraztuz». Jakinarazi du beste pausu bat ere eman dutela «oraintsu»: «Jatetxeez gain ekoizle ezberdinen kontsumo taldeekin lanean hasi gara beraien asteroko saskietan Sarekoren parte diren beste ekoizle batzuen produktuak gehitzeko aukera eskainiz».