Ariane KAMIO
Madril

‘La trinchera infinita’, Garaño, Arregi eta Goenagarena, Sail Ofizialean izango da

Hirutik hiru. ‘Loreak’ eta ‘Handia’ filmeekin Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu ziren Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, eta aurtengo edizioan berriro itzuliko dira, orain, ‘La trinchera infinita’ lanarekin.

Zuzendari, ekoizle eta aktoreak Madrilen izan dira gaur filma Sail Ofizialean lehiatuko dela iragartzen. (@SANSEBASTIANFES)
Zuzendari, ekoizle eta aktoreak Madrilen izan dira gaur filma Sail Ofizialean lehiatuko dela iragartzen. (@SANSEBASTIANFES)

Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira berriro. Halaxe iragarri dute gaur Madrilen egin den «ekoizpen espainolaren» aurkezpenean. ‘La trinchera infinita’ lanarekin sartuko da lehian Moriartiko hirukoa, ‘Loreak’ eta ‘Handia’ filmeekin egindako bide arrakastatsua errepikatze bidean.

Hiru zuzendariok gazteleraz egiten duten lehenengo fikziozko lan luzea da, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta protagonista dituena. Eta denboran atzera egiten du lanak, 36ko Gerraraino, Higinio eta Rosaren bizitzetaraino, hain zuzen.

Gerra abiatzean, errepresalien beldur, Higiniok gordetzea erabakitzen du, etxe barruan gordetzea, eta ezkutaldia hiru hamarkadatan luzatuko da. Gerra garaiko satorra izango da, beldurraren eraginez hartutako erabakiaren ondorio. Beldurra baita, hain zuzen, filmaren helduleku nagusia.

Kasu errealetan oinarrituta dago lana, baina funtsean fikzioa da. Nahiz badituen erreferentzia batzuk, ‘30 años de oscuridad’, kasu. Luiso Berdejo izan dute gidoiaren idazketan lagun.

Euskal film gehiago

Iaz ‘592 metroz goiti’ film laburrarekin hautatu zuten Zinemaldian Maddi Barber zuzendari nafarra eta aurtengoan, Zabaltegi-Tabakalera sailean, ‘Urpean lurra’ film ertaina erakutsiko du.

Ion de Sosa urnietarra Chema Garcia Ibarrarekin batera zuzendu duen ‘Leyenda dorada’ lanarekin izango da Zinemaldian eta Izibene Oñederra azkoitiarrak hirugarrenez parte hartuko du, oraingoan ‘Lursaguak’ lanarekin.

Funes, Amenabar eta Arevalo

Sail Ofizialean lehiatuko diren film gehiago jakinarazi dituzte gaur Madrilen egindako aurkezpenean. Horien artean, Belen Funes kataluniarra Urrezko Maskorra lortzeko lehian arituko da bere lehenengo film luzearekin, alegia, Greta Fernandez, Eduard Fernandez eta Alex Monner protagonista dituen ‘La hija de un ladrón’ lanarekin.

Alejandro Amenabar ere Zinemaldira itzuliko da aurten, 2015ean ‘Regression’ trhiller psikologikoa Donostiako publikoaren aurrean aurkeztu ondoren. Aurten, Miguel Unamuno idazleari eta hark Estatu-kolpe faxistaren aurrean azaldu zuen jarrerari buruzko ‘Mientras dure la guerra’ lanarekin izango da Sail Ofizialean.

Daniel Sanchez Arevalok, bestalde, lehen aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean. ‘Diecisiete’ lanarekin egingo du, lehiaz kanpo.

Sail Ofizialeko emanaldi berezien atalean, Sebastian Borenszteinen ‘La odisea de los giles’ eskainiko da.

Bestalde, zuzendarien lehen eta bigarren filmak biltzen dituen New Directors sailean bi emakume zuzendariren opera primak izango dira ikusgai. Lucia Alemanyren ‘La inocencia’ eta Maider Fernandez Iriarte donostiarraren ‘Las letras de Jordi’, Ikusmira Berriak egoitza-programan gauzatutako proiektua.