NAIZ

Donostiako Antigua auzoan sexu erasoa jasan izana salatu du emakume batek

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, emakume batek Donostiako Antigua auzoan sexu eraso bat salatu ondoren. Osteguneko gauean gertatu zen. Lakuako Segurtasun sailak eta Donostiako Udalak eman dute honen berri. Elkarretaratzea egingo da astelehen honetan, Alderdi Ederren.

Emakume batek salaketa aurkeztu du, Donostiako Antigua auzoan ostegun gauean jasan zuen sexu eraso baten berri emanez. Oraindik ez dago datu gehiagorik, baina Lakuako Segurtasun Sailak zein Donostiako Udalak salaketa hori egon badela baieztatu dute.

Eneko Goia buru duen Udalak, gainera, protesta elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako. Alderdi Ederren izango da, ohi den bezala, 12.00etan.

Salaketaren berri izan ondoren adierazpena kaleratu du Donostiako Udalak gaur igandean, talde guztiek sinatua. «Gure auzokideak jasandako erasoa» gaitzesten dute bertan.

Adierazpen horretan, gainera, Udaleko zerbitzu guztiak haren eskuetan jartzen dituzte taldeek, laguntza juridikoa eta sikologikoa eskainiz, bai eta biktimak «beharrezko duen beste edozein laguntza ere».

Honelako erasoek gizartean oraindik dagoen genero berdintasun ezaren adierazpide gorenetarikoa dela erantsi du adierazpenak. Donostiako Udalak horren kontra egiten duela ziurtatu eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko konpromisoa berresten du. Eta lan hori egunerokoan egin behar dela ekartzen du gogora.

Azken hamar egunetan, Iruñean, Beasainen eta Barakaldon ere salatu dira sexu erasoak.