Jon Ormazabal

Zeanurik eskuratu du eskuzko Euskal Herriko Herriartekoa Donezteberi 2-1 irabazita

Kadete eta jubeniletako partidak irabazi dituzte arratiarrek, uste baino errazago gainera eta txapelak Bizkaira itzuli dira 7 urteren ondoren.

Zeanuriko pilotariak euren txapelekin (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zeanuriko pilotariak euren txapelekin (Andoni CANELLADA/FOKU)

Urte bikain bat borobilduz, Zeanurik irabazi du Euskal Herriko Herriarteko eskuzko txapelketa, Zumarragan jokatutako finalean Donezteberi 2-1 gailenduta. Harrobiko lan itzela egiten ari dira azkenaldian Gorbeialdean eta gazteenek, kadete eta jubenilek bideratu dute zeanuritarren lehen garaipen hau, bide batez, txapelak Bizkaira itzuliz. Markina-Xemein, 2010. urtean izan zen garaipena eskuratu zuen azken talde bizkaitarra.

Kadeteen partidan, pronostikoak goitik behera bete dira eta Zeanuriko Erkiaga-Emaldi bikoteak erraz lortu du euren taldearentzat lehen puntua, Mikelarena-Garañorik 5-22 irabazita. Izan dute nafarrek, batez ere sakearekin asmatuta euren momentutxoa, markagailuan 5-6 gerturatu direnekoa, baina bizkaitarren nagusitasuna erabatekoa izan da partida osoan.

Izan ere, maila honetarako, oso bikote sendoa osatzen dute arratiarrek, dagoen sendoena esan genezake. Atzean Emaldik sekulako nagusitasuna erakutsi du, duen adinerako pilota oso bizi irteten zaio eskutik eta Garaño defentsan izan du partida osoan zehar. Eta atzean bere kideak erakutsitako nagusitasunari etekin handia atera dio Erkiagak. Aurrelari bizia eta postura gehienak dominatzen dituena da Zenaurikoa eta erraz nagusitu dira.

Kiniela guztien arabera jubeniletan erabaki behar zen finala eta jokoa lehen partidan baina askoz orekatuagoa izan da, ez ordea, markagailuan (11-22), bizkaitarrek hasiera-hasieratik alde handi xamarrak hartu dituzte eta. Sakea izan da bigarren partida honetako giltza handienetako bat, izan ere, Urigoitiak 9 tanto egin ditu lehen pilotakadarekin eta hortxe apurtu da partida arratiarren alde.

Bizi, oso bizi erabili du pilota aurrelariak, batez ere botera, eta horixe izan da euren armarik erabakigarriena. Piloteoan, bestela, ez da alde nabarmenik izan eta hutsak izan dira egindako tantoak baino gehiago. Hori bai, ale ederrik utzi dute, esaterako 3-9koan Uriondok sartutako gantxo izugarri bat.

Dena erabakita zegoela, nagusien mailan Barandiaran-Gorritik ohorearen puntua eman diete nafarrei, Mendia-Beldarraini 22-16 irabazita. Pronostikoetan faborito garbiak ziren arren, kosta egin zaie beteranoei euren partida aurrera ateratzea. Partidako lehen tantoan Mendia aurrelari bizkaitarrak buruan pilotakada bat jaso duen arren, oso hasiera bizia izan du eta markagailuan ihes egitea lortu dute, 1-3 eta 2-6.

Partida luzatzen joan den heinean, ordea, Malerrekakoaren sendotasuna nagusitzen joan da. Mendiak egin bai, baina galdu ere pilota dezente galdu ditu eta, eurena serio eginda, partida azkar orekatzea lortu dute nafarrek. Pixkanaka, gainera, jokoan nagusitzea lortu dute eta amaierarako ohorearen puntua eskuratu dute.