naiz
DONOSTIA

500 jarduera inguru aurkeztu ditu Donostiako Udalak iristear dagoen Aste Nagusirako

Aste Nagusian zehar, hiriko 30 espazio ezberdinetan izanen dira Donostiako Udalak antolatuko 491 jarduera. Musikak izanen du protagonismo handia, baina ez dira antzerkiak, kirola edo ‘Holy fest’ bezalako jarduera berriak.

Jon Insaustik, Festak Jardueretako Donostiako zinegotziak, eta Realeko neskek aurkeztu dute Aste Nagusiko programa. (Donostiako Udala)
Jon Insaustik, Festak Jardueretako Donostiako zinegotziak, eta Realeko neskek aurkeztu dute Aste Nagusiko programa. (Donostiako Udala)

Gaur goizean, Donostian abuztuaren 10etik 17ra ospatuko den 2019ko Aste Nagusiaren egitaraua aurkeztu dute Jon Insaustik, Festak Jardueretako zinegotziak, eta Aste Nagusiko hasieran ‘Artillero’ abestuko duten Realeko neskek. Insaustik azaldu duenez, «ikusle mota anitzentzako» jarduerak prestatu dituzte. Erraldoi, buruhandi, zezensuzko, su artifizialak edo musika, ez dira faltako, noski, baina kirol jarduerak, desafioak, edo antzerkiaz gozatzeko aukera izanen da.

Hala, jarduera berri ugari izanen dira gipuzkoar hiriburuko kaleetan: abuztuaren 10ean, adibidez, gazte holi fest bat antolatu dute, 19:20ean, kanoikadaren ostetik. «Helburu argia du: kolore biziz ahalik eta gehien zikintzea», adierazi dute. Parte-hartzaileek kolore ezberdinetako hautsak botako dituzte airera, musikaz girotuta. Bestetik, haurrek esku pilotan aritzeko parada izanen dute hilaren 14an Amarako Aitzol Parkean. Egun berean, baina gauez, musikak hartuko du lehentasuna Konstituzio plazan, ‘Tosta’ ikuskizunarekin. Kultura hizkuntza gutxituetako hiztunez osatuta dago Tosta banda eta herrialde bakoitzeko (Euskal Herria, Eskozia, Galiza, Gales, Frisia...) musika tradizioak jartzen dituzte amankomunean, Kukai dantza taldeko bi dantzarik lagunduta.

Emakume artistek ere izanen dute espazio berezitu bat eta egunero, Kontxako paseoan, Kultur Alternatiboa emakume taldeak bere arte-lanak erakutsiko ditu arratsaldez.

Hala, hiriko 30 espazio ezberdinetan izanen dira 491 jarduera ezberdin. Horietatik, 100 inguru musika emanaldiak izanen dira eta 30 kirolari lotutakoak egonen dira.