Maite UBIRIA

Kontseilu Konstituzionalak irailaren 6an erantzungo dio Areitiok aurkezturiko galderari

Frantziako Kontseilu Konstituzionalak gaur aztertu du Alaitz Areitio euskal presoak egindako eskaerari bide emanez Kasazio Epaitegiak luzaturiko lehentasunezko galdera. 2016an egindako lege erreforma bat tarteko, frantses herritartasuna ez duten presoek ezin dute baldintzapeko askatasuna lortu. Hori dela-eta Areitioren defentsaren ustez aipaturiko legeak oinarrizko eskubideak urratuko lituzke.

Kontseilu Konstituzionaleko egoitza, Parisen.
Kontseilu Konstituzionaleko egoitza, Parisen.

2016ko ekainaren 3an 730-2-1 lege artikuluaren aldaketa bat egin zuten Nizan eta Parisen gertaturiko atentatu jihadisten ondotik.

Erreformak giza eskubideak urratu ote dituen aztertu beharko du Kontseilu Konstituzional frantsesak. Hain zuzen, gaur goizean, Araitz Areitio euskal presoak eginiko eskaera hizpide izan du Kontseilu Konstituzionalak.

Maritxu Paulus Basurco abokatuaren arabera, erreferentzia gisa baliagarria izanen den Araitz Areitioren kasu zehatzaz harago doan afera da. Bai era idatzian bai audientzian eginiko hitzartzearen bidez artikuluak bortxatuko lituzkeen printzipioak ekarri zituen gogora: berdintasuna, proportzionaltasuna edo birgizarteratze ikuspegian zigorraren indibidualizazioa.

Tribunalak euskal presoaren kasua aztertzeaz gain, frantses herritartasunik ez duen eta betiko kartzela-zigorra duen preso baten kasua izan du mahai gainean.

Maritxu Paulus Basurcori, baldintzapeko askatasunaren eskubidea aztertzeaz gain, garrantzitsua iruditzen zaio ere betiko kartzela-zigorraren kasua partikularki aztertua izatea. Izan ere, Europako Gorteak dioenez, betiko kartzela-zigorra soilik onargarria da bete beharreko gutxiengo urteak finkatzen badira, hortik aitzina askatasun eskaera egiteko aukera izateko.

"Frantses herritartasuna ez duten eta terrorismoagatik kondenatu dituzten presoentzat oztopo den disposizio hori indargabetzen ez bada, ez zaie baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea ahalbidetzen. Horrek erran nahi du praktikan betiko kartzela-zigorra aplikatzen ari zaizkiela, hots, kartzelatik ateratzeko aukerarik eman gabe, eta hori frantziar eta europar legedien kontra doa", azaldu du.

Heldu den urtean ezarritako kondena beteko duen euskal presoak Frantziako Giza Eskubideen Ligaren babesa jaso du.

LDHko ordezkariak oinarrizko eskubideak urratzen direla defendatu du auzian. Lehen ministroaren izenean hitz egin duen estatu ordezkariak konstituzio galdera ezeztatzea eskatu du. Izan ere Kontseiluari legean dagoen hutsunea nolabait zuzentzeko proposamena luzatu dio. Epaitegiak irailaren 6an emanen du erantzuna.