Asier ROBLES

Informatika, bideojokoak eta teknologia berriak borborka Euskal Encounterren

Programazio lehiaketak, bideojoko txapelketak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak... informatika eta teknologi berriekin zerikusia duten hainbat jardunaldi izan dira Euskal Encounterreko bigarren egunean. 5.000 pertsona baino gehiago parte hartzen ari dira aurtengo topaketan.

Euskal Encounterreko bigarren eguna. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Euskal Encounterreko bigarren eguna. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Ostegunean, uztailak 25, Euskal Encounterreko 27. edizioa hasi zen BECen. Teknologia berriak eta informatika maite duten 5.000 pertsona baino gehiago hartzen ari dira parte igandera arte luzatuko den topaketa honetan. 50.000 metro karratu duen pabiloiak hardwarea, software librea, jokuak, arte digitala eta demoscene inguruko aktibitateak garatu ahal izateko egokitu dira.

Gune nagusi horretan, 5.000 ordenagailu daude 60 gigabits segundoko abiadura duen intranet sare batera konektatutak. Honek, antolakuntzak dioenez, «munduko partyrik azkarrenetarikoa» egiten du Euskal Encounter.

Horretaz aparte, publiko guztira zabalduta dagoen Opengune eremua badago. Gune honetan, 60 hitzaldi, konferentzia eta erakusketa baino gehiago daude doan, baita interesa duen orori teknologia hurbiltzeko tailerrak ere. Bestalde, informatika-arloko enpresek produktuak aurkeztuko dituzte.

Gaurko eguna, guztiak bezala, goizeko 10.00etan hasi da VR experience gunearen irekierarekin, errealitate birtualera gerturatzeko prestatutako tokia. Ordu berean, 3D inprimagailuen gunea ere zabaldu da, non jende askok teknologia berri honekin kontaktua izateko aukera izan duten.

Eguerdian, partaide askok pantailetatik begirada momentu batez kendu, eta zunba sesioarekin gorputza apur bat mugitu dute.

Beste batzuek, aldiz, plastilinarekin imajinazioa piztuz deskantsatu dute. Bestalde, arte digitalaren maitaleentzako fast music, fast laburmetrai, fast GIF, 2D, 3D eta argazki lehiaketa egon da. Parte hartzaileek haien obrak bidali eta epaimahai batek eremu bakoitzeko irabazlea erabaki du.

Bazkaldu ostean, aktibitate oparo egon dira gauera arte. Selfie lehiaketarekin eta likidozko hozte sistemei buruzko tailerrarekin hasi zen arratsaldea. Ondoren, lasterketako dronen erakustaldia egon zen. David M.Garciak Fast 2D buruzko hitzaldia eman du, eta Iñigo Sebastian Fast 3D buruzkoa.

17.00etan, Andoni Valverdek, EuskalHack elkarteko kideak, Zibermehatxuak neutralizatzeko lankidetza-estrategiari buruzko hitzaldia eman du. Azaldu duenez, gaur egungo ziberkriminalek lankidetza-gaitasunak garatu dituzte, eta modu koordinatuan lan egin dezakete muga teknikoak, kulturalak eta herrialdeen artekoak gaindituta. «Eraso-gaitasun horri aurre egiteko modu bakarra partekatze-ekosistema bat sortzea da. Horretarako, tresna komunak banatu behar dira, prozesu eta prozedura bateratuak sortu, eta, azken batean, adimena ekoitzi eta modu proportzionatuan eta eraginkorrean banatu», nabarmendu du.

Eguna, Jugger partidarekin jarraitu du, futbol amerikarra eta softcombat barnebiltzen duen jarduera. 18.00etan Game Trivialeko lehiaketaren finala izan da, eta 20.00etan Fast Crimping txapelketa.

Sabino San Vicentek, Euskal Encounterreko koordinatzaile orokorrak, oso ondo baloratu du topaketa orain arte, eta arazo teknikorik ez dela egon adierazi du. Zentzu horretan, ebento hau antolatzen daramatzaten urte guztiei eman die garrantzia: «Talde oso ona dago honen atzean, urte asko daramagu eta asko pila bat ikasi dugu parte hartzaileei entzuten».