Idoia Eraso

Zuberoan Xibereraz mintzatzeko barnetegia

Igandean hasiko da AEKren eskutik Berrogainen zubereraz ikasteko barnetegia, edo han erraten duten bezala: «xiberutarra mintzatzeko ikastaldia». Astebetez Zuberoatik zein kanpotik bildutako jendeak «untsa izanen ditützü».

Jatorduetan eta tailerretan barnetegiko ikasle guztiak elkartzen dira. Goizeko eskolen ondotik, ikastaroak izaten dituzte arratsaldetan, sendabelarrei buruz, larrua lantzen, eta abar. (AEK)
Jatorduetan eta tailerretan barnetegiko ikasle guztiak elkartzen dira. Goizeko eskolen ondotik, ikastaroak izaten dituzte arratsaldetan, sendabelarrei buruz, larrua lantzen, eta abar. (AEK)

Euskal Herriko lurralderik txikiena dugu Zuberoa, eta bere txikitasunean ez ditu nolanahiko ezaugarri bereizgarriak. Nafarroa Beherea atzean utzia dela, berehala nabaritzen du bidaiariak arkitekturan, beste euskal lurraldeetan ez bezala, etxeetan teilak eduki beharrean arbel zatiak ikusten baitira. Hizkuntzari dagokionez ere, agerikoa da diferentzia, «ü»-a da nabarmenena, baina hiztegiak ere ez ditu laguntzen beste lurraldeetako euskaldunak zuberera ulertu nahi dutenean. Bitxiak badu bere xarma eta, horri egokitu diezaiokegu AEK-k euskalki bat irakasteko antolatzen duen barnetegi bakarra izatea.

Ezberdintasunak alde batera utzi gabe, zubereraren berezitasunak elkarrekin ikasiko dituzte astebete «xiberotar eta manexek». Adin guztietako eta jatorri ezberdinetako 40 bat pertsona bilduko dira.

Bosgarren urtea izanen du Alozeko Maitena Etxandik ikastaldi berri honekin, eta hamabigarrena Bilboko Manu Gojenolak. Euskararekiko maitasunak, eta lanaren baitan emandako formakuntza profesionalak eraman zuen zuberera ikasteko barnetegira. Bizkaitarra, bere aldetik, Zuberoarekiko eta bertako «mintzajiarekiko» duen interesak bultzatuta joanen da.

Biek ala biek, baita Mauleko AEKn lan egiten duen Niko Guiressek ere, nabarmendu dute bertaratzen den jende oso «heterogeneoaren» arteko giro ona. «Arras interesgarria» dela dio bizkaitarrak, «jende berezia eta ezberdina ezagutzen baita»; han biltzen direnen «fauna» ere aipatu du umorearekin.

Urtero kopurua berdintsua izaten da, 20 eta 70 urte arteko jendea biltzen da, eta horietatik batzuk «usaiazko jendea» izaten dira, Etxandi eta Gojenola bezalakoak, hain zuzen ere. Zuberoatik bertatik joaten direnen artean, interesa praktikoa da anitzetan; ez, aldiz, Euskal Herriko beste lurraldeetatik joaten direnentzat. Atzerritarrak ere bertaratu izan dira, Paristik, Ingalaterratik, New Yorketik eta Bretainiatik etorritako pertsonak izan dituzte ikastaldian.

Bereziki kanpoko jendeari begira pentsatuak dira mintzairaz gain lurraldea ere ezagutarazteko bertako eragileekin arratsaldetan antolatzen dituzten hitzaldi eta solasaldiak. Goizeko eskolen eta bazkalondoko tailerrei jarraipena emateko izaten dira, espartingilearekin, erlezainarekin, artistekin edo Mauleko auzapez Michel Etchebestekin lotzen diren hitzorduak.

Horrelako zitek bat egiten dute Gojenola barnetegira eraman duten xedeekin: «Betidanik interes handia izan dut: kantoreak eta dantzak, maskaradak... mundu handi bat da». Zuberera ikasteko material gutxi dela dio bilbotarrak, Xiberoko Botza irratia entzunez trebatzen bada ere, urtean zehar baliatzeko aukerarik ez du izaten, eta orain arteko hamaika asteekin ez dela aski baieztatu du: «Badut anitz ikasteko oraindik».

Zer ikasi badu Etxandik ere, baina praktikatzeko aukera gehiagorekin; hala ere, berarentzat, ikasten ari dena ez da zuberera, euskara baizik; bere inguruko jendearekin mintzatu ahal izateko hizkuntza. Egoera batzuetan euskara baliatzen badu ere, ahalke izaten dela aitortu du: «Lotsa nuzu karrikan. Bitxia da, iragan urtean Getarian izan ginen, eta euskaraz mintzatzen nintzen jendeekilan, han ez nintzen lotsa, aisago duzu neretako Xiberoatik kanpo, plazerekin mintzatzen nutzu. Ez nuen oro konprenitzen, baina ene senarrak esplikatzen nitutzun».

Bere kasua ohikoa dela konfirmatu du AEK-ko langileak: «Gune babestua gelditzen da ikastaldia. Gorantz doa xiberotarra mintzatzeko joera, baina ikasten ari den pertsona batendako, parekoak ez badu pazientziarik zaila da, eta karriketan ez dira menturatzen mintzatzera».

Etxandiren kasua eremu ezberdinetan Zuberoako egungo egoeraren adierazgarria dela erran daiteke. Txikitan ez zuen euskaraz ikasi, nahiz eta bere gurasoek jakin: «Ene aita irakaslea baitzen debekatua zuzun euskara mintzatzea, jendeak sufritu du horrekin».

Aldi berean, «zinez maite nuzu euskara entzutea, banekien kurtsoak bazirela, baina haurrekin gogor zutzun». Hori dela eta, gogoarekin gelditu zen zuberotarra, nagusiak proposatu zion arte. Lakarri eta Alozeko Herriko Etxeetan egiten du lan Etxandik, eta auzapezak erran zion aukera bazela, formazio profesional gisara Euskal Elkargoarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin batera arratsaldeetan ikastaroak hartzeko. «Plazerarekin» hasi zen, eta bide horretan hobetzeko, bere aldetik barnetegira joatea deliberatu zuen.

Hiru dira, beraz, bere kasua adierazgarri egiten duten ezaugarriak. Erakundeetan hartzen ari den tokiarekin batera, lurraldeko berezitasuna diren pastoralak aipatzekoak dira. Euskaraldiaren ezaugarriak agertzen dira antzezlanaren prestaketaren inguruan sarritan: euskaldunak direla ere ez dakiten auzokoekin euskara erabiltzen hasten dira batzuk, “belarriprestek” ausardia hartzen dute, eta gogotsu direnak ikastera bultzatzen ditu. Berak 2009an “Belagileen trajeria” pastoralean parte hartu zuen, eta horrek ikasteko aurretik zuen gogoa handitu zion. «Ni Alozekoa nutzu, eta herriko zaharrak euskaraz mintzatzen naizelarik izugarri kontent dutzu ttipitatik ezagutzen bainutzu».

Ibilbide luzea du Gojenolak, eta urteetan zehar euskalkia irakasteko eran izan diren aldaketak azaldu ditu. Jüje Etxebarne irakaslea zelarik, «eskola klasikokoa» zela azaltzen du, gramatika, aditzak eta horrelakoak lantzen zituen. Orain Xantiana Etxebesterekin «gauza arinagoak» omen dira.

Gramatika ezberdina
Batutik abiatuta zuberera ikasteko zailtasunak «fonetika eta alokutiboa dira muga handienak, estruktura ere zaila da». Emakume zuberotarrari ere, alokutiboa egiten zaio zailen: «Hastapenean neutral forman ikasten duzu, gero gogor duzu horren gimnastika egitea».

Lauzpabost maila ezberdin izaten dira urtero. Lehenengoan, euskalkiarekin lehen kontaktua izaten da, eta horietako anitz gau eskola edo euskaltegietatik joaten dira. Azken maila, aldiz, «Hegoaldetik joaten garen euskaldunentzat da». Izena ematen dutenen artean herenak inguru izaten dira Hego Euskal Herrikoak, eta beste bi herenak Pirinioen iparraldekoak. Horien artean gehien-gehienak Zuberoakoak bertakoak izan ohi dira.

Mailak eta jatorriak alde batera utzita, klaseak bukatuta ikasle guztiak elkartzen dira. Taldeak osatzen dira eginbeharrak banatzeko. Ondoko tailerretan denetarik egiten dute, larrua landu, sendabelarrei buruz ikasi... «Arrastiriko atelierretan nahasturik gaitutzu, ia deus ere ez dakitenak Hegoaldeko euskaldunekin» biltzen direla argitu du, azken multzo horretan kokatzen den gizonak. Haien artean gehienak bizkaitarrak izaten omen dira; nafarrak ere izaten dira, baina beste lau lurraldeetakoak askoz gutxiago omen dira. Atzerritarren artean, deigarria da hamabi urtez barnetegira joan zen bretoia.

Ikastaldiaren ondoren harremanak atxikitzen direla nabarmendu du bizkaitarrak: «Duela hiruzpalau urte, gure mailakoek Whatsapp taldea egin dugu, eta urtean zehar Xiberoako gauzez mintzatzen gara, eta batzuetan pertsonalki ere bai». Irakasleekin, baita arratsaldeko solasaldiei esker ezagututako Zuberoako jendearekin ere batzuetan, segitzen du harremana izaten, «gero pastoraletan, maskaradetan haiek ikusi, beraiekilan mintzatu, eta harremana atxikitzeko okasioak izaten dira».

Emazte zuberotarrak bere aldetik, bertako lagun bat eramanen du barnetegira: «Erretretan da aurten, euskarazko taldeak oparia egin ditutzu aste bateko ikastaldia euskara ikasteko».