NAIZ

Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiak ‘Losers’ komedia erromantikoa dakarte Donostiara

Aste Nagusiko «normaltasunari» aurre egiteko asmoz estreinatu berri dute Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia antzezleek ‘Losers’ komedia erromantikoa Donostian. Igandera bitartean dituzte emanaldiak.

Jon Plazaola. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Jon Plazaola. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia antzezleek ‘Losers’ komedia erromantikoa estreinatu berri dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, antzezlana Aste Nagusiko «normaltasunari» aurre egiteko baliagarri izango dela ziurtatu dute. Igandera bitartean eguneko emanaldi bana eskainiko dute.

Marta Bachuca kataluniarraren obra baten egokitzapena da ‘Losers’. Imanol eta Sarak berrogehi urteak beteak dituzten arren ez dute gizarteak adin horretarako egiten dizkieten eskakizunik bete: ez dute bikotekiderik, ezta seme-alabarik edo hipotekarik ere, eta euren burua «zoriontsuak izatea merezi ez duten galtzailetzat» dute. Obran zehar, protagonistek duten pentsamoldea aldatzen joango da.

Garmendia zein Plazaolak elkarrekin lan egiteko aukera sortu zaiela-eta «oso pozik» daudela ziurtatu dute eta ‘Losers’ osatzeak itzulpen zein egokitzapen aldetik eskatu dien «ahalegin berezia» izan dute hizpide. Hala, obran Euskal Herriari lotutako erreferentziak txertatzeaz batera orain bost urte idatzitako gidoiean zenbait aldaketa egin dituztela ere aitortu dute, «zoritxarrez, gaur egun zaharkituak geratu diren emakumearen gaineko aipamenak egiten baitira bertan».

Obra honekin «euskararen aldeko apostua» egin nahi izan dutela ere gaineratu dute, eta horretarako «batuaren kortsetik atera» eta Urola eta Goierriko euskaretara –Zumarragakoa da Plazaola eta Zaldibiakoa Garmendia– bildu direla azaldu dute.

‘Losers’ Urnietako Saroben aurrestreinatu zuten astelehenean, eta «harrera oso ona» izan zuen, antzezleen hitzetan.