Ion SALGADO
GASTEIZ

Arabar Errioxako marka berreskura dezaten eskatu die EH Bilduk EAEko erakundei

EH Bilduk salatu duenez, duela 20 urte Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak Arabar Errioxako marka erroldatu zuen ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatzeko eta orain Europara zabaldu du marka horren jabetza.

Viñedos en Bilar. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Viñedos en Bilar. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Errioxako Kontseilu Erregulatzailaren esku dagoen Arabar Errioxako marka berreskura dezatela eskatu die gaur EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari zein Lakuako Gobernuari. «Azken hamarraldietan instituzioek erabateko utzikeria adierazi dute eta egoerari buelta emateko ez dute inolako ahaleginik egin; beste aldera begira egon dira eskualde bati bere izena lapurtzen zioten bitartean», salatu dute Kike Fernandez de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek, Arabako Batzar Nagusietan zein Gasteizko Legebiltzarrean hainbat ekimen aurkeztu duten ordezkari subiranistek.

Gogoratu dutenez, duela 20 urte, Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak, Logroñon egoitza duenak, Arabar Errioxako marka erroldatu zuen ardogintza eta elikagaiei lotutako produktuak merkaturatzeko. Baina duela bi urte haratago joan zen eta Europar Batasuneko Jabetza Inteleketualeko Bulegoan marka berdina erabiltzeko baimena eskatu zuen ardoa eta elikagaiak ezezik bestelako produktuak ere merkaturatzeko, besteak beste poltsak, ontziak edo artelanak.

Soilik Arabako Errioxako Kuadrillak helegite bat aurkeztu zuen eskaera horren aurrean. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Gobernuak aldiz, ez zuten inolako mugimendurik egin Arabako eskualde horren izena defendatzeko. «Arabako eskualde baten izena eta baina ez da bertako herritarren jabetza eta Arabako zein EAEko instituzioen utzikeriak Arabako Errioxako ardogintzan ez dutela ibilbide orri bat adierazten du eta, era berean, bertan bizi eta lan egiten duten herritarrei errespetu falta adierazten du», nabarmendu dute Fernandez de Pinedok eta Lopez de Arroyabek.