NAIZ

Gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena jomuga, Donostiako Zinemaldi Alternatiboan

Zinemaldi Alternatiboak 11. edizioa ospatuko du aurten eta, ohi bezala, zinema eta gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuko ditu. Irailaren 20tik urriaren 1era bitartean eta Donostiako gune autogestionatu ezberdinetan ospatuko da jaialdia.

11. edizioko kartela. (NAIZ)
11. edizioko kartela. (NAIZ)

Donostiako kaleak glamourrez jantziko dituen Zinemalditik atseden hartu nahi dutenek badute bestelako aukerarik: 11. urtez, Zinemaldi Alternatiboak bestelako zinema eredu bat posible dela erakutsiko du.

«Donostia ‘zinema plato erraldoi’ batean bilakatu dute, kapitala zuzendari eta produktore, hiriko mandazainak kamera-laguntzaile, eta herritarrak figurante huts, otzan eta mutu betiere. Mugitzen dena, argazkitik kanpo da. Eta ez gara, ez, geldirik geratzekoak. Argazkian irten baino, nahiago gure zerak, gure ontasunak eta miseriak, guk geuk kontatutako moduan aditu eta ikusi, ezagutu», ziurtatu dute.

Hala, irailaren 20ean hasi eta urriaren 1era bitarteko egitaratu alternatiboan turismo basatia, Kataluniako egoera eta etxebizitza eskubidea bezalako gaiak jorratuko dira, baina proposamen arinagoek eta omenaldiek ere izango dute lekurik.

Ostiralean, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean hasiko da jaialdia, Kataluniaren gaineko ‘Poble Rebel’ dokumentalarekin. Ostean, solasaldia izango da.

‘Ataun of the Dead’ trilogia

Astelehenean, hilaren 23an, Kijera gaztetxean (Alde Zaharra) Kanaria Handiko etxebizitzaren egoeraz eta Sindicato de Inquilinas Gran Canariaren antolakuntzaz diharduen ‘Precaristas’ dokumentala emango da, eta asteartean, irailak 24, Marruma Elkartean (Gros) Katihotsak kolektiboarena izango da protagonismoa: ‘Ataun of the Dead’ trilogiako lehen bi lanak,‘Ataun of the Dead’ eta ‘Joxean's Hil Eben’, ikusi ahalko dira. Asteazkenean leku berean itxiko da Katihotsaken saioa, ‘Napardeath’ filmaren proiekzioarekin.

Ostegunean, hilak 26, Kijerara itzuliko da Zinemaldi Alternatiboa. Bizilagunekin plataformaren eskutik, ‘Tot Inclós’ dokumentala emango da. Balear Irletan turismoak izan dituen ondorioez dihardu filmak.

Iñigo Muguruza gogoan

Irailaren 27rako saio berezia antolatu dute. «Omenaldi xume bat egin nahi izan diogu zendu berri den Iñigo Muguruza sortzaile handiari», iragarri dute. Hori dela eta Txantxarreka gaztetxean ‘Lou, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian’ dokumentala proiektatuko da: hain zuzen Iñigo Muguruza da Lou Olangua zarauzko rock abeslariari eskainitako dokumental honetan hitza hartzen duenetariko bat. Ostean, musikari iruindarrak zuzendutako ‘Nahia’ dokumentala emango da.

Zinemaldi ‘ofizialak’ ateak itxi ostean ere jarraituko du Alternatiboak. Hala, aurtengorako «Bonus Track bikoitza» antolatu dutela iragarri dute: irailaren 29an Firestonen (Añorga) Gasteizko LGTBQ mugimenduaren gaineko ‘Bide zuzena, ibilbide okerrak’ emango da eta, urriaren 1ean, ‘Yallah Yalla’, Komite Internazionalistaren eskutik. Ostean, Cristian Pirovano zuzendari argentinarrarekin solasaldia izango da.