NAIZ

Euskaraldiak «nabarmen astindu zituen» ekimenean parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak

Euskaraldian parte hartu zuten milaka lagunek beren hizkuntza jokaerak modu nabarmenean aldatu zituzten ekimenak iraun zuen bitartean, eta bukatutakoan ere aldaketa horri neurri handi batetan eutsi zieten. «Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz» ikerketaren ondorioetako bat da hauxe, gaur goizean Donostian izandako agerraldian adierazi dutenez.

Euskaraldiaren gaineko ikerketaren ondorioak azaldu dituzte Donostian     (Gorka RUBIO I FOKU)
Euskaraldiaren gaineko ikerketaren ondorioak azaldu dituzte Donostian (Gorka RUBIO I FOKU)

Euskaraldiaren lehen edizioak «nabarmen astindu zituen» ekimenean parte hartu zutenen hizkuntza jokaerak ariketak iraun zituen hamaika egunetan eta, gainera, hiru hilabete beranduago aldaketa horiei «proportzio altuan eutsi egin» zitzaien.

Hori da, hain zuzen, “Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz” ikerketaren ondorio nagusietako bat. Soziolinguistika Klusterrak egin du azterketa, eta hauxe burutzeko Lakuako eta Iruñeako Gobernuak, Euskararen Erakunde Publikoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu dira, Klusterrarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Gaur goizean lanaren xehetasunak azaldu dituzte Donostiako EHUko Kanpusean egin den prentsaurreko batean.

Lehen urratsa izan da

«Euskaraldia abiatu genuenean bagenekien, eta halaxe adierazi genuen, hizkuntza ohiturak aldatzea eta gizartean aldaketak egitea epe luzerako lana dela», gogoratu du Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, gaineratuz ikerketa honek orduan adierazitakoa berretsi duela: «Euskaraldia lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain aldaketa gauza dadin eragina handitzen jarraitu behar dugu».

«Ahobizi eta belarriprest jokaerak sakondu behar ditugu, eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta gizarte eta era guztietako erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori. Hori izango da hurrengo Euskaraldien helburua», azaldu du Lakak.

Bere aldetik, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du ekimenaren bultzatzaileek «hasieratik» esan zutela «Euskaraldia ez zela joko bat; hizkuntza ohituretan eragin nahi duen ekimen masibo eta berritzailea» baizik.

«Helburua eragitea da, eta ikerketari esker neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra. Milaka herritarren hizkuntza praktikak aztertu dira azterlan honetan, eta esan dezakegu Euskaraldiaren lehen edizioaren eragin praktikoen gaineko erradiografia bat dakarkigula lan honek», gaineratu du.

Ahalegin handiena

Pello Jauregi ikerketaren zuzendariak eta Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak ikerketaren ezaugarri nagusiak eta ondorioak azaldu dituzte, eta Anduagak nabarmendu du «euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dutela aldaketa handiena; Euskaraldiaren hasieran euskarazko gaitasun eta erabilera altua zutenek edo zonalde oso euskaldunetan bizi zirenek baino aldaketa handiagoa».

Ikerketaren beste ondorio bat da parte-hartzaileek neurri handian eskatutako eginkizunak beste zituztela eta «zinez» saiatu zirela hartutako konpromisoak betetzen. 

Gainera, hizkuntza-jardueraren aldaketak «orokorrak» izan dira, bai ahobizi zein belarriprest-entzat. «Denek egin dute aurrera euskararen erabileran», ikerketaren arabera, non azpimarratzen den «Euskaraldiak sortutako dinamika orokorrak» belarriprestak «modu naturalean euskara erabiltzera» bultzatu dituela neurri handi batetan.

Honekin guztiarekin batera, aipatzen da Euskaraldiak «euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu» duela, eta «hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa» ekarri diola parte-hartzaile askori.