Maite Ubiria

Ehunka lagun bildu dira Baionako karriketan klimaren aldeko asteari ateak zabalduz

Fridaysforfuture dinamikaren baitan ehunka lagunek parte hartu dute gaur goizean Baionan klimaren aldeko mobilizazioan. Zuhaitz bat landatu eta astean zehar eginen dituzten mobilizazioen berri eman dute. Arratsaldean beste euskal hiriburuetan ekimenak iragarri dituzte.

Gazteek "Amaiur" gereziondoa landatu dute martxa amaieran, Baionan. (Bob EDME)
Gazteek "Amaiur" gereziondoa landatu dute martxa amaieran, Baionan. (Bob EDME)

Gaur hasita eta heldu den irailaren 27an mundu mailan deitu duten grebari begira ekimen anitz eginen dituzte Euskal Herrian, zehar larrialdi klimatikoaren aurrean erabakiak hartzeko unea dela aldarrikatzeko. Goizean Baionan ehunka lagunek kaleratu dute aldarria. Martxa Cassin lizeotik abiatu da goizeko 8.30ak aldera eta hiriko kale nagusietatik igaro ondoren Roland Barthes zabalgunean amaitu da.

Beste hainbat ikastetxetako gazteak bilduz Lapurdi hiriburuko karrika nagusiak zeharkatu ditu mobilizazioak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren atarian bururatuz.

Hain zuzen Roland Barthes zabaldunean zuhaitz bat landatu eta «klima baino beroago gaude gu» oihuen artean amaitu da «klima baino eredua aldatu behar dela» beste behin ere agerian utzi duen protestak.

Itsasoen kutsadura, plastikoaren erabilpena edota gehiegizko kontsumoa salatzen zituzten kartelak erakutsi dituzte gazteek, gaurko martxarako hainbat irakasle eta gurasoen sostengua bildu dutelako kontent azaldu direla.

Hasieratik #Frydaysforfuture dinamikarekin bat egin zuen Nahia Briault gazteak azaldu duenez, «gaur mundu mailako hirugarren grabaren atarian gaude, eta zalantza gutxi dugu besteak baino handiagoa izanen dela».

Bere ustez, aste osoan zehar eginen diren ekimenek -gaurdanik Angelu, Baiona eta Biarritzen hainbat mobilizazio-sorpresa burutzeko dira gazteak- oso helburu zehatza du, «Nazio Batuen Erakundeak New Yorken egiten duen gailurrari begira gure presentziaren bidez baldintzatzea».

Iragan martxoak 15ean Lapurdiko hiriburuko karrikak planetaren aldeko aldarrikapez bete zirenetik, «bide bat egin dugu, eta gaur hemen gurekin batera hainbat irakasle eta guraso izateak frogatzen du, gero eta jende gehiago metatzen ari da» nabarmendu du Briaultek.