NAIZ

Lagundu gabeko adingabe atzerritarrentzako plan bat proposatu du Arabako EH Bilduk

Arabako EH Bilduk lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat proposatu du, hiru hilabeteko epean egiteko. Agertu duenez, plaza gehiago sortzea, baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea eta esku-hartze integrala egitea du helburu: formakuntza, hezkuntza, osasuna eta arreta psikologikoa eta dokumentazioaren tramitazioa.

Claudia Venceslao eta Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako batzarkideak, plana aurkezten. (EH BILDU ARABA)
Claudia Venceslao eta Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko Arabako batzarkideak, plana aurkezten. (EH BILDU ARABA)

Lagundu gabeko adingabe atzerritarren arreta hobetzeko interbentzio plan bat hiru hilabeteko epean egitea proposatu du Arabako EH Bilduk. Oviedoko Unibertsitateak egindako azterlana sakon aztertu ostean, txostenak oro har koalizioak antzeman dituen gabeziekin bat egiten duela ikusi du. Izan ere, EH Bilduk halako azterketa bat eskatu zuen 2017ko aurrekontuen akordioan.

«Foru Gobernuak hainbat hilabetetan gorde du azterlan hori kaxoi batean. Baina, gure ustez, konponbideak jorratzeko unea heldu da gure lurraldean babesgabeko giza taldea delako», esan du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok.  

Helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztu du. Bertan, esku-hartze plan bat eskatzen du, inbertsio plan eta kronograma batekin datozen bi urteotan garatzeko. Plaza gehiago sortzea planteatzen du, baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formakuntza, hezkuntza, osasuna eta arreta psikologikoa eta dokumentazioaren tramitazioa.

Egoera «anitza eta konplikatua»

EH Bilduko batzarkide Claudia Venceslaok zehaztu duenez, foru instituzioaren akatsik larriena da giza talde homogeneo gisa hartzea. «Euren ezaugarri komun bakarra da kanpotik datozela, adin txikikoak direla eta bakarrik daudela. Hortik aurrera, euren egoera oso anitza eta konplikatua da, gosetik edota gerratik ihesean daudelako eta, askotan, tratu txarrak eta sexu-abusuak jasan dituztelako».

Venceslaok adingabeentzako zerbitzuaren gabeziak zerrendatu ditu. Horien artean nabarmendu du zentroak gainezka daudela, emantzipazio prozesuak abiatzeko zentroetan ez dagoela plaza nahikorik eta interbentzio taldeek ez dutela formakuntza nahikorik.

Era berean, azterlanak ondorioztatu du hasieran egiten den adinari buruzko ebaluazioa ez dela zuzena eta lehen arreta asko luzatzen dela denboran. «Lehen arretako zentroetan bost hilabete igarotzen dituzte eta bertan soilik jana eta ohea eskaintzen dizkiete. Interbentzio taldeak bere gain hartu ditu gaztelerazko eskolak, eurek ekoiztutako materialari esker. Hori onartezina da», esan du Venceslaok.

EH Bilduk nabarmendu du txostenak mito batzuk agerian utzi dituela. Batetik, drogen kontsumoa ez dela oso ohikoa eta delitu-jokaera ez dagoela orokortuta. Hala ere, horietako batzuk Sansoheta adin txikikoen zentrora bidaltzen dituzte eta bertan beharrei erantzuten ez dien zerbitzu batekin topo egiten dute, azpiegitura bera ez delako egokia eta plaza kopurua handiegia delako.