Naiz

Realak lehen garaipena ospatu du eta Athletic hutsean geratu da

Nahikariren golek denboraldiko lehen garaipena eman diote Realari Betisen kontra (2-0). Athleticek, berriz, Valentzian galdu du (2-0), bi kontraeraso azkarren ondorioz.

Donostiarren lehen golaren ospakizuna Zubietan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Donostiarren lehen golaren ospakizuna Zubietan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Realak denboraldiko lehen garaipena ospatu du. Nahikarik sartu ditu donostiarren golak, oraindik puntu bakarra lortu ez duen Betisen kontra.

Antonio Contrerasen taldeak partida txukuna egin du baina ezin izan dio erantzun etxekoen eraginkortasunari. Izan ere, Betisen une onenean heldu da Nahikariren lehen gola. 34.minutuan, Itxasok kornerra jaurti eta urnietarrak buruz sartu du 1-0ekoa.

Zortzi minutu beranduago, kolpe bikoitza jaso dute andaluziarrek. Gerardek penaltia egin dio Manu Lareori eta jokaldi berberan min hartu du. Dolanek hartu du atezain frantziarren tokia baina ezin izan du Nahikariren penalti jaurtiketa gelditu.

Kanpokoek markagailuari buelta emateko gogoz ekin diote bigarren zatiari baina oraingoan ere ez dute asmatu, aukera garbienak eurenak izan badira ere. 51.minutuan, Nanclaresek esku zoragarria atera du Priscilaren jaurtiketa kornerrera bidaltzeko. Protagonista nagusia bilakatu da atezaina, neurketa amaitzeko ordu laurden bat falta zela penalti bat ere gelditu baitu. Maddik Abam bota du area barruan, Irene Guerrerok penaltia jaurti eta Nanclaresek kornerrera bidali du baloi hori ere.

Hortik aurrera, zuri-urdinek ez dute apenas sufritu. Albiste txarrena, Nahikariren lesioarekin heldu da. Dolanekin topo egin, orkatilan min hartu eta aldageletara joatea erabaki du.

Valenciak Athletic menderatu du
Athleticek, bere aldetik, ezin izan dio jarraipenik eman joan den asteko garaipenari. Denboraldiko bigarren bidaia egin du, berriro ere Valentziara eta berriro ere 2-0 galtzeko. Aurrekoan Levanteren aurka galdu bazuen, gaur goizean Valencia izan da Athletic menderatu duena.

Kontraeraso batek erabaki du neurketa lehen zatian. 17.minutuan, Viola Calligarisek eta Mari Pazek fabrikatu dute jokaldi azkar bat eta Carolek sinatu du gola. Athleticen errakzioa bigarren zatian heldu da. Gol-aukerak sortu dituzte zuri-gorriek baina ezin izan diote markagailuari buelta eman. Izan ere, partida amaitzear zegoela, Valenciak talde bizkaitarra etxekoen arean sartuta zegoela aprobetxatu du beste kontraeraso bat gauzatzeko eta behinbetiko 2-0ekoa sartzeko, Colemanen sinadurarekin.

Lau talde sailkapenaren buruan
Hirugarren jardunaldia amaituta, lau talde daude sailkapenaren buruan, zazpi puntu bana, Barcelona, Valencia eta, momentuz denboraldiko sorpresa bilakatzen ari diren, Deportivo eta EDF Logroño.

Barcelonak atzo Atleticorekin egin zuen bezela, EDFk Tacón jipoitu du gaur (5-1), madrildarrek markagailuan aurrea hartu duten arren. Barbra Banda izan da protagonista nagusia, hiru gol sartu baititu. Deportivok, bere aldetik, UDGrekin berdindu du A Coruñan (1-1).

Rayok, azkenik, bigarren ustekabea jarraian eman du. Barcelona izan zen bere biktima aurreko astean eta gaur Levanteri egokitu zaio (0-1).