Jon Ormazabal

Bengoetxearen eraginkortasuna goierritarren joa baino gehiago izan da Logroñon (18-22)

Martija oso sendo batek lagunduta, sanmateotako lehen puntua eskuratu du bikote nafarrak partida gogor batean

Oinatz Bengoetxeak partida handi bat jokatu du (Aritz LOIOLA/FOKU)
Oinatz Bengoetxeak partida handi bat jokatu du (Aritz LOIOLA/FOKU)

Kolpez gutxiago izan diren arren, Oinatz Bengoetxearen aurreko koadroetako eraginkortasunak lehen puntua eman die Leitzakoak eta Julen Martijak osatzen duten bikoteari sanmateotako B multzoko lehen partidan.

Bezperan bezala, partida orekatua eta borrokatua izan da, baina azken txanpan gorriek opari gehiago egin dituzte eta hor joan zaizkie garaipenerako aukera asko. Espero bezala, estilo arteko talka bat izan da Irribarria-Albisu eta nafarrek jokatu duten partida.

Gauzak oso ondo hasi dira bikote gorriarentzat. Kolpean nagusi eta erritmo motel batean jokatuz, Irribarria eta Albisu oso nagusi izan dira piloteoan, Oinatz Bengoetxeari jokoan sartzeko apenas aukerarik utzi gabe eta errematean ere Aramarra txukun aritu denez, azkar lortu dute partidako abantailarik handiena izan den bost tantotako aldea (6-1).

Gauzak, ordea, berehala aldatu dira. Albisuk ezkerrez gora botatako pilota batek sakea itzuli die urdinei eta bat batean etorri da hauen erantzuna. Aurkariek baino askoz pilotakada gutxiagotan, sake -erremateari etekin handia atereaz, Oinatz Bengoetxeak aitaren batean berdindu du partida (6-6) eta hortik aurrera oreka izan da nagusi markagailuan, gehienean gorriak aurretik, baina alde nabarmenik gabe.

Azken txanpan hankan arazoren bat izan badu ere, Julen Martijak bikain eutsi die goierritarren pilotakadei eta amaieran Oinatz Bengoetxea arduratu da, bere joko motz eta biziarekin, garaipena eskuratzen.