NAIZ

«Bulkada berriak» hartu eta ikasturte berriari gogoz eman dio Ernaik, VII. Bilgunean

Asteburuan ospatu du Ernaik bere VII. Bilgune Orokorra. Bertan, «formazio jaso, ikasturteari begirako gakoak elkarbanatu eta Gazte Estrategian sakontzeko aukera izan dugu», azaldu du. «Borrokara batu diren bulkada berriak» ere nabarmendu ditu.

Ernairen VII. bilgune orokor honetako jardunetako bat. (Ernai)
Ernairen VII. bilgune orokor honetako jardunetako bat. (Ernai)

Ostiraletik iganderarte, VII. Bilgune Orokorra ospatu du Ernai gazte antolakundeak. NAIZi azaldu diotenez, bilkura honekin «ikasturte berrirako erregaia» hartu dute eta aldi berean «ehunka bulkadaren topaleku» izan dira jardunaldiok.

Ostiralean ekin zioten bilguneari: larrialdi klimatikoa, etxebizitzaren arazoa, LGTBIQ+ borroka, ekonomia sozial eraldatzailea edota hezkuntza hizpide izan zuten, bai arlo teorikoan bai eta praktikoan ere. «Jada abian dauden zein datozen olatu sozialak hauspotu asmoz, Euskal Herritik eta gazte eremutik egin behareko ekarpenaz mintzatu gara», zehaztu dute.

Gazte Mugimenduari dagokionez, hainbat hitzordu zehaztu dira: Euskal Herriko Neska Gazteen topaketak urriaren 4 eta 5ean, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren Jardunaldiak arazoan, mugimendu prekarioaren mobilizaziorako deialdiak edota Eraginen jardunaldiak urriaren 19an, euskalgintzatik abenduaren 3rako planteatuko dena, hezkuntza eremuan egin beharrekoa...

Katalunia, hauteskundeak, gatazkaren ondorioak...

2019-2020 ikasturteari begira jarrita, «Herrialde Katalanetan eman daitezkeen gertakariek gidatuko dituzte datozen aste eta hilabeteak», aurreikusten du Ernaik. «Hautesontzi eta bozei prezioa jarriko die espainiar injustiziak, eta honen aurrean artikulatu daitekeen erantzunak Estaturik gabeko nazioen gihar independentista erakutsiko du. Azaroaren 10eko hauteskundeetan ere mezu argi bat iritsiko da Madrilera: bozka abertzalearen gorakada. Ernaiko kideok borroka hauetan izango gara», nabarmendu du.

Gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez, «herri honetako gazteok paper garrantzitsua jokatzen dugu –erantsi du Ernaik–. Batetik, 11/13 makroepaiketaren harira adierazi bezala, preso, iheslari eta deportatuen auziari irtenbidea emateko herri bultzadan kokatzen dugu gure burua eta norabide horretan arraun egitera goaz. Bestetik, iraganean katramilatu nahi gaituen estrategia politiko eta mediatikoari aurrera begirako determinazioz erantzungo diogu», aurreratu du.

Ehundik gora kide berri, ikasturte atarian

Antolaketa kontuari aipamena egin dio, azkenik. «Borrokara batu diren bulkada berriak aipatu nahiko genituzke. Ehundik gora izan dira ikasturte honen atarian Ernai gazte antolakuntza eta borrokarako espazio erreferentzial bezala identifikatu eta gurekin militatzen hasi diren gazteak. Beso zabalik jaso ditugu eta toki bat eman. Halaber, antolakundean militatzeko zikloa agortu duten kideei eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Zuek gabe ez litzateke posible izango».

Ildo beretik, «Ernairen ateak zabalik daude gurekin batera antolatu eta Euskal Herri askea eraiki nahi duen edozen gazterentzat», oroitu du erakundeak. «Bilgune Orokorrean metatutako indarra herri eta auzoetan lehertzeko momentua iritsi da, 2019-2020 ikasturtea emankorra izango da ziur. Animo eta lanera!».