NAIZ

Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta eta Asisko Urmeneta dira aurtengo lehen Euskadi Literatura Sariak

Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak dira, hurrenez hurren.

Elorrieta,Urmeneta eta Zubizarreta, Zupiriarekin. (Juanan RUIZ / FOKU)
Elorrieta,Urmeneta eta Zubizarreta, Zupiriarekin. (Juanan RUIZ / FOKU)

Gaur eman dira ezagutzera Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak, Gasteizko Artium Museoan. Literatura Euskaraz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta, hirugarrenik, Literatura Lanaren Ilustrazioa dira ezagutzera eman diren hiru modalitateak.

Euskarazko Literaturan Irati Elorrietak eskuratu du saria ‘Neguko argiak’ lanari esker. Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan Patxi Zubizarretaren ‘Korrik, Kuru, korri!’ hautatu du epaimahaiak eta Literatura Lanaren Ilustrazioa atalean Asisko Urmeneta saritu du ‘AztiHitza: Xahoren Biografikoa’ obrarengatik.

Bingen Zupiria Kultura sailburuak nabarmendu duenez, sortzaileei egiten zaien aitortzaz harago, sari hauen bitartez beren lana agerikoa egin nahi da euskal gizartearen aurrean. «Sari hauen bitartez aitortu nahi dugu gure sortzaileen lana, urteko lanik onenak aitortu eta omendu nahi ditugu. Bestetik, lan horiek ezagutarazi nahi ditugu: gure sortzailerik esanguratsuenak egiten duten lana agerikoagoa egin nahi dugu. Ikusgarriagoa egin nahi dugu, eta datozen egunotan eta hilabeteotan horren inguruan hitz egin dadin nahi dugu», adierazi du Zupiriak. Datorren azaroaren 18an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Tabakaleran egingo den ekitaldi batean.

Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Bi aste barru gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Gaur ezagutzera emandako hiru modalitate hauen inguruko informazio guztia hurrengo estekan kontsulta daiteke.