NAIZ
BILBO

Astelehenean hasiko da gripearen aurkako txertaketa-kanpaina EAEn

Astelehenetik aurrera, urriaren 14tik aurrera, 65 urtetik gorakoek, haurdun daudenek eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek txertoa hartu ahalko dute, osasuneko konplikaziorik ez izateko.

Bilbon izandako agerraldian aurkeztu dute txertaketa-kanpaina. (IREKIA)
Bilbon izandako agerraldian aurkeztu dute txertaketa-kanpaina. (IREKIA)

Nekane Murga EAEko Osasun sailburuak 2019ko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du Bilbon; kanpainaren lema ‘Txertoa jartzeko unea da eta badakizu’ da. Astelehenean hasiko da, eta datozen sei asteotan arriskutzat jotzen diren taldeek txertoa hartu ahalko dute, gripearen ondorioz etor daitezkeen konplikazioak prebenitzeko. Osasun Sailak azpimarratu du txertoa gaixotasun horri aurre egiteko prebentzio-neurri nagusia dela; gaixotasunak urritik apirilera bitartean du indarrik gehien.

Osasun Sailak azaldu duenez, txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat, baina osasun-langileen kasuan ere hartzea gomendatzen da. Txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, osasun kolektiboa babestea ere bada, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez, besteak beste: behin erabiltzeko zapiak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea edo eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea.

Gripea gaixotasun infekziosoa da, eta influenzaren birusak eragiten du; hura oso azkar zabaltzen da, kutsakortasun-maila handia baitu. Oro har, izaera kliniko onbera eta automugatua du, biztanleria-talde batzuetan izan ezik, konplikazioak eragin baititzake haietan. Gogorarazi behar da iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela, eta, haietatik, 435 larri egon zirela. Gainera, 79 pertsona hil ziren.  

Sailburuak nabarmendu du txertoa hartzea erantzukizun-ekintza bat dela, eta gaixotasunaren aurrean babesteko modurik onena. «Txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio-neurri seguruena eta eraginkorrena da», esan du. Kanpaina honetarako, Osasun Sailak 400.000 dosi baino eskuratu ditu; kopuru hori handitu daiteke, beharrezkoa bada. Horretarako, 1,4 milioi euro inbertituko dira, aurreko kanpainan baino %16 gehiago.

Maskarak osasun-zentroetan

Nobedade gisa, eta gaixotasunaren transmisioa eteteko, maskara euskarriak egongo dira ospitaleetako Larrialdien eta Etengabeko Arreta Guneen itxarongeletan. Euskarri horiekin batera, informazio-kartela egongo da; horren bidez, biztanleei gogorarazten zaie nolako garrantzia duen eskuetako higieneak eta maskara erabiltzeak, arnasketa sintomarik edukiz gero. Aurrerago, maskara euskarriak osasun-zentroetako itxarongeletan jarriko dira ere.